Itxi

Alaves

28. jardunaldia

Alavesek mailari eusteko urrezko hiru puntu nahi ditu gaur Betisen aurka

Agentziak | Erredakzioa

Partida 21:00etan hasiko da, Mendizorrotzan. Baliteke Alexis eta Vigaray taldera bueltatzea, baina Guidetti, bizkarrean minduta bera, baja izan liteke.

  • Laguardia, Manu Garcia eta Ely, Levanteren aurkako gola ospatzen. Argazkia: EFE.

    Laguardia, Manu Garcia eta Ely, Levanteren aurkako gola ospatzen. Argazkia: EFE.

Alavesek gaur Mendizorrotzan, 21:00etatik aurrera, Lehen Mailari eusteko urrezko hiru puntu lortzeko aukera izango du, Betisen aurkako partidan; Sevillako taldeak, aldiz, oraindik Europa Ligako postuak ditu helburu. Laliga Santanderreko 28. Jardunaldiko azken partida izango da.

Gasteiztarrek 11 puntuko aldea dute 18. sailkatuarekin, hau da, jaitsiera-postuetan dagoen azken taldearekin, eta asko hobetu dute euren ibilbidea Abelardo Fernandez entrenatzailea lanean hasi zenetik; egia da ere azken partidetan jasotako bi porrotak, Real Madrilen eta Realaren zelaietan hain zuzen ere (4-0 eta 2-1, hurrenez hurren), izan duten gorakada geldiarazi dute.

Entrenatzaile asturiarrak Alexis eta Vigaray zelairatzeko aukera izango du, baina baliteke John Guidetti baja izatea; izan ere, minduta dago bizkarrean. Sevillan jokatutako partidan, Betisek 2-0 irabazi zuen, Alavesen aurka, Villamarinen, baina 2016-17 denboraldian gasteiztarrak 1-0 gailendu ziren Mendizorrotzan.

Betisek, bi partida irabazi gabe

Bitartean, andaluziarrek bi partida daramatzate irabazi gabe; izan ere, Realaren kontra 0-0 egin zuten, etxean, eta Valentziaren zelaian 2-0 galdu zuten. Dena dela, 37 puntu dituzte, lasai-lasai daude, eta Europara sailkatzeko borrokan daude (6 puntutara dituzte postu horiek).

Quique Setien entrenatzaileak Zouhair Feddalen eta Tony Sanabriaren bajak izango ditu, bai eta Joaquinena ere (muskulu-arazoak ditu). Andres Guardado erdilaria zalantza da.