Itxi

Alaves

Mendizorrotzan, 20:30ean

Alavesek Ligako bolada ona luzatu nahi du Kopan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Babazorroek Gironaren bisita hartuko dute asteazken honetan, Mendizorrotzan, aurtengo Errege Kopa txapelketari dagokion lehen kanporaketan.

Alavesek eta Gironak 2018/2019 denboraldiko Errege Kopari emango diote hasiera asteazken honetan, Mendizorrotzan.

Gasteiztarrak aurtengo unerik gozoenean iritsiko dira Kopako lehen kanporaketara; izan ere, bigarren sailkatuta dago Ligan, 20 punturekin. Gironak, bere aldetik, 13 puntu ditu, eta sailkapenaren erdialdean dago kokatuta.

Alavesek emaitza onak izan ditu Kopako txapelketan azken urteetan. Horren adierazle garbia da 2016-2017an finalera iritsi zela lehen aldiz bere historian. Joan zen denboraldian, ostera, final-laurdenak erdietsi zituen, baina kanpoan geratu zen Valentziaren aurka, penaltietan.

Aurtengo lehen kanporaketa honetan, Ligan minutu gutxi izan dituzten jokalariak erabiliko ditu Abelardo Fernandez etxekoen entrenatzaileak. Gainera, kontuan izan behar da hainbat jokalari lesionatuta dituela: Rodrigo Ely, Adrian Marin, Wakaso eta Ximo Navarro.

Aipatutakoez gain, Tomas Pinak ere ezin izango du jokatu, zigortuta baitago joan zen denboraldiko Valentziaren aurkako kanporaketan ikusitako txartel horiengatik. Nola taldeak ezin izan zuen aurrera egin, aurten egokitzen zaio zigorra betetzea.

Bigarren aldia da Alavesek eta Gironak Kopan aurrez aurre jokatuko dutena. Aurrekoa 2013-2014 denboraldian izan zen, talde biak Bigarren Mailan zeudela. Orduko hartan, partida hutsean amaitu zen, eta penaltietan etxekoak gailendu ziren 4-2.

Asteazkeneko norgehiagoka une txarrean dator Gironarentzat, jokalari garrantzitsu ugari baititu min hartuta Eusebio Sacristanen taldeak.

Joan zen larunbatean etxean, Montiliviko futbol-zelaian, Rayo Vallecanoren aurka lortutako garaipenak Ligan zeraman bolada txarra (bost partida jarraian lehiarik irabazi gabe) atzean uzteko balio izan zion Gironari. Alabaina, garesti ordaindu zuen talde katalanak, Aday Benitez, Juanpe eta Portu lesionatu egin baitziren. Hiru horiei dagoeneko jokatu ezinda zebiltzan Cristhian Stuani, Alex Granell eta Johan Mojicari gehitu behar zaizkie.

Balizko hamaikakoak:

Alaves: Sivera; Vigaray, Maripan, Dieguez, Javi Lopez; Manu Garcia, Brasanac, Dani Torres; Burgui, Twumasi eta Guidetti.

Girona: Gorka Iraizoz edo Jose Aurelio Suarez; Eric Montes, Jonas Ramalho, Pedro Alcala, Marc Muniesa, Carles Planas; Pere Pons edo Douglas Luiz, Aleix Garcia; Patrick Roberts; Choco Lozano eta Seydou Doumbia.

Epailea: Adrian Cordero Vega.

Futbol-zelaia: Mendizorrotza.

Ordua: 20:30ean.