Alaves
Montilivi, 19:30
Alaves, Gironaren etxean irabaztera behartuta
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Joaneko partidan Mendizorrotzan izandako berdinketak (2-2) behartu egiten du Abelardoren taldea garaipenaren bila ateratzera.
-
Ruben Sobrino, Gironaren aurkako joaneko partidan. Argazkia: EFE
Deportivo Alavesek Errege Kopako final-hamaseirenetako itzuliko partidari egingo dio aurre gaur, asteazkenean. Abelardo Fernandezek zuzentzen duen taldeak ia nahitaezkoa du garaipena eskuratzea, joaneko partidan bina berdindu baitzuten bi taldeek. Ondorioz, berdinketaren bat lortzekotan, 3-3koak eta ondorengoek balioko liokete bakarrik talde babazorroari. Horrenbestez, erasoari begirako talde bat zelairatuko dute arabarrek.
Joan zen denboraldian, Valentziak kanporatu zuen Gasteizko taldea final-laurdenetan, penaltietan erabaki zen kanporaketan. Duela bi denboraldi, berriz, Alaves kopa txapelketa protagonista nagusienetako bat izan zen, finalera iristea lortu baitzuen lehen aldiz bere historian, nahiz eta finalean galdu egin zuen Bartzelonaren aurka.
Abelardo arabarren entrenatzaileak erabilgarri dituen 23 jokalariak eramango ditu berarekin (hots, lesionatuta dagoen Rodrigo Ely izan ezik guztiak). Izan ere, kopako norgehiagokaren ostean, Alavesek Madrilera bidaiatuko du, Atletico Madrilen aurkako ligako lehiari heltzeko.
Bere aldetik, Girona Ligako ibilbide ikusgarriari jarraipena ematen ahaleginduko da. Katalanek zazpi lehia kateatu dituzte galdu gabe, eta, hartara, inoiz Lehen Mailan izan duten boladarik onena daramate.
Balizko hamaikakoak
Girona: Gorka Iraizoz, Valery Fernandez, Jonas Ramalho, Pedro Alcala, Juanpe edo Eric Montes, Yhoan Andzouana, Douglas Luiz, Alex Granell, Portu, Choco Lozano, eta Seydou Doumbia.
Alaves: Sivera, Vigaray, Laguardia, Maripan, Adrian Marin, Ibai Gomez, Brasanac, Wakaso, Burgui, Sobrino eta Borja Baston.
Epailea: Mateu Lahoz.
Futbol-zelaia: Montilivi.
Ordua: 19:30.