Itxi

Alaves

Ostiralean, 21:00etan

Alavesek bolada txarrarekin amaitu nahi du, Valladolidi irabaziz

Agentziak | Erredakzioa

Abelardo Fernandez entrenatzaileak aldaketak egingo dituela iragarri du, zenbait jokalarik azken partidetan izandako errendimenduarekin batere gustura ez dagoelako.

  • Abelardo, Alaveseko entrenatzailea

    Abelardo, Alaveseko entrenatzailea. Argazkia: Efe.

Alavesek azken asteetako bide okerra zuzendu nahi du, jaitsiera postuetan dagoen Valladolidi irabaziz. Arabarrak Europako postuetako lehiagatik kanpo geratzear daude. Mendizorrotzako partida 33. jardunaldiko lehena izango da.

Arabarrek ez dute azken lau partidetan garaipenik lortu eta behera egin dute defentsako jokoan eta, batez ere, gol aukerak sortzeko orduan. Azken zazpi partidetan, guztietan, gol bat hartu dute, gutxienez.

Abelardo Fernandezek aldaketak iragarri ditu hasierako hamaikakoan zenbait jokalarik  azken partidetan izandako errendimenduarekin, eta baliteke bigarren taldeko jokalariren bati jokatzeko aukera ematea.

Defentsan aldaketak egitera behartuta dago, Ruben Duarte eta Victor Laguardia zigortuta daudelako, bosgarren txartela atera zietelako.

Arabako taldeak emaitza onak lortu ohi ditu Valladoliden aurka, partida bakarra galdu baitu etxean haien aurka, Lehen Mailan jokatu dituzten zazpiak kontuan izanda.

Valladolidi dagokionez, baja garrantzitsuak dauzkate, Ruben Alcaraz eta Anuar esaterako; lehenengoa zigortuta dago, eta bigarrena, lesionatuta. Ondorioz, zelai erdian aldaketak egingo ditu entrenatzaileak.



Ustezko hamaikakoak

Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Ely, Maripán, Aguirregabiria; Jony, Tomás Pina, Wakaso, Inui edo Twumasi; Guidetti eta Calleri.

Valladolid: Yoel; Antoñito, Kiko Olivas, Calero, Nacho; Keko, Míchel, Joaquín edo Borja, Óscar Plano edo Waldo; Ünal eta Guardiola.

Futbol zelaia: Mendizorrotza.

Ordua: 21.00.