Itxi

Alaves

Alavesek, helegitea

Bi partidako zigorra Battagliarentzat, epaileari "itsu" deitzeagatik

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Alaveseko jokalari argentinarra Realaren aurka igandean jokatutako euskal derbian kanporatu zuten, neurketa bukatzeko ordu erdi geratzen zenean.

  • Rodrigo Battaglia eta Munuera Montero epailea.

    Rodrigo Battaglia Munuera Monterok kanporatu zuen unean. Argazkia: Efe

Lehiaketa Batzordeak bi partidako zigorra ezarri dio Rodrigo Battaglia Deportivo Alaveseko jokalariari asteazken honetan, iragan jardunaldiko Realaren aurkako partidan (0-0) epaileari "itsua" deitzeagatik.

Argentinarra 60. minutuan kanporatu zuten euskal derbitik, taldekide bati Jose Luis Munuera Montero epailea "itsua" zela eta ez ziela euren aldeko "faltarik" adieraziko esateagatik. Hartara, Battagliak ezin izango luke parte hartu Huescaren eta Celtaren kontra jokatu beharreko hurrengo bi jardunaldietan.

Alavesek helegitea aurkeztuko du

Klubak Efe albiste agentziari baieztatu dionez, ezarritako zigorra Apelazio Batzordearen aurrean kentzen edo murrizten saiatuko da; izan ere, Alavesen aburuz, "talde bereko jokalarien arteko elkarrizketa bat da, adierazpen askatasunaren eskubidea erabiliz, eta adierazitakoa ezin da arbitroarekiko mespretxutzat edo begirune faltatzat hartu".

Oraingoz, Lehiaketa Batzordeak bere ebazpenean azaldu duenez, "kasu honetan ez dago inolako akatsik; izan ere, klubak berak onartzen du aktan jasotakoa bat datorrela jokalariak esandakoarekin. Hartara, Batzordearen iritziz, jokalariak adierazitakoa "arbitroarekiko gaitzespen adierazpen" argi eta garbia da.

Zigorra baieztatuz gero, Pablo Machinek doi-doi izango ditu zelai erdiko jokalariak El Alcoraz bisitatzeko, Pere Ponsek lesionatuta jarraitzen baitu eta Manu Garciak bakartuta jarraitzen du koronabirusagatik.

Bosgarren txartel horia Lejeunerentzat

Halaber, Florian Lejeune frantziarrak ere galdu egingo du Huescaren aurkako hurrengo partida, R4ealaren aurka denboraldiko bosgarren txartel horia tera baitzioten.