Itxi

Futbola

12. jardunaldia

Alavesek eta Realak hutsean berdindu dute Mendizorrotzan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Babazorroek 10 jokalarirekin jokatu dute neurketako azken ordu erdia, epaileak txartel gorri zuzena erakutsi baitio Battagliari, baina txuri-urdinek ezin izan dute baliatu.

0
Alaves – Real Sociedad partidako laburpena eta gol guztiak

Alavesek eta Realak berdindu egin dute Mendizorrotzan (0-0), Santander Ligako hamabigarren jardunaldian jokatu den euskal derbian.

Txuri-urdinek ezin izan dute garaipena eskuratu, nahiz eta jokalari bat gehiagorekin aritu diren lehiako azken ordu erdian. Izan ere, Munuera Montero neurketako arbitroak txartel gorri zuzena erakutsi dio Rodrigo Battaglia etxeko jokalariari 62. minutuan, epaileari berari zerbait desegokia esan ostean.

Imanol Alguacilen mutilak saiatu dira hiru puntuak eskuratzen, baina Fernando Pacheco bikain aritu da babazorroen atean. Hartara, etxekoen atezainak beste urrezko puntu bat erdiesten lagundu dio bere taldeari, besteak beste, Willian Josek egindako jaurtiketa bortitz bati erantzun ezin hobea emanda.

Horrenbestez, gipuzkoarrek sailkapeneko lehen postua galdu dute Atletico Madrilen mesedetan. Madrildarrek donostiarrek baino puntu bat gehiago dute (26 eta 25 puntu, hurrenez hurren). Simeoneren taldeak, gainera, bi partida gutxiago jokatu ditu orain arte.

Fitxa teknikoa:

0 - Alaves: Pacheco, Ximo Navarro, Laguardia, Lejeune, Duarte; Jota Peleteiro, Battaglia, Tomás Pina, Rioja (Méndez, 88. min); Joselu eta Lucas Pérez (Aguirregabiria, 71. min).

0 - Real Sociedad: Remiro; Gorosabel (Zaldua, 74. min), Zubeldia, Sagnan (Zubimendi, 83. min), Muñoz; Guevara, Merino, Merquelanz, Roberto López (Bautista, 74. min), Portu (Barrenetxea, 83. min); eta Isak (Willian José, 74. min).

Epailea: José Luis Munuera Montero. Txartel gorri zuzena atera dio Battagliari 62. minutuan (Alaves). Horrez gain, txartel horia erakutsi dio Lejeune frantziarrari 41. minutuan (Alaves).