Itxi

Alaves

AZKEN NORGEHIAGOKA

Alavesek porrotarekin itxi du denboraldia Sevillan 91. minutuan gola jaso ostean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Babazorroek aukera argiak izan dituzte markagailuan aurreratzeko, baina azkenik, Papu Gomezek Lopetegiren taldeari eman dio garaipena.

1:55
Sevilla - Alaves

Sevillak luzapenean garaitu du Alaves Papu Gomez argentinarraren golari esker, Ramon Sanchez-Pizjuanen jokatu den denboraldiko azken norgehiagokan. 

Ez Sevillak ez Alavesek ez zuten ezer jokoan. Sevillak Championsa ziurtatuta zuen duela bost jardunaldi eta Alavesek, Granadari 4-2 irabazi ostean, jada ez zuen jaisteko arriskurik. Julen Lopetegik eta Javi Callejak zortzi eta zazpi aldaketa egin dituzte hamaikakoetan, ohikoak ez diren beste jokalari batzuei edo kontratua amaitzen dutenei aukera emanez.

Gasteiztarrak hobe hasi dira, Tomas Vacliken atera arrakasta handirik gabe gerturatuz, baina andaluziarrak esnatu egin dira, nahiz eta hauek ere ez duten gol aukera argirik sortu, Antonio Sivera atezainak En-Nesyrien aurrean urrundu behar izan duen Lucas Ocamposen erdiraketa bat izan ezik. Atsedenalditik denbora gutxira, Tachik ere ez du asmatu korner batean buruarekin egin duen jaurtiketan.

Bigarren zatian, aspertzeak jarraitu egin du. Dena den, Alaves Sevilla baino hobeto ibili da eta markagailuan aurreratzeko aukerak izan ditu, batez ere Joseluk 90. minutuan izan duena, nahiz eta azkenean, Papu Gomezek gola sartu duen 91. minutuan, Sevillaren denboraldi bikaina borobilduz. 

Fitxa teknikoa:

1 - Sevilla: Vaclik; Aleix Vidal, Kounde, Rekik, Escudero (De Jong, 74. min); Franco Vazquez (Oliver Torres, 56. min), Gudelj, Jordan (Oscar Rodriguez, 56. min); Suso (Papu Gomez, 74. min), En-Nesyri, Ocampos (Rakitic, 56. min).

0 - Alaves: Sivera (Pacheco, 72. min); Ximo Navarro, Tachi, Lejeune, Duarte; Pina, Manu Garcia; Pellistri (Rioja, 66. min), Pere Pons (Joselu, 66. min), Edgar (Lucas Perez, 78. min); Guidetti (Battaglia, 78. min).

Gola: 1-0, 92. min: Papu Gomez.

Epailea: Isidro Diaz de Mera. Sevillako Aleix Vidali (29. min) eta Julen Lopetegi entrenatzaileari (85. min) erakutsi die txartel horia.