Itxi

Alaves

Prentsa oharra

Querejeta, Alavesek mailari eutsiko diola sinetsita

EITB Media

Josean Querejeta klubeko akziodun nagusiak prentsa ohar baten bidez adierazi du zuzendaritzaren konpromisoa erabatekoa dela eta erabaki guztiak salbazioa lortu ahal izateko helburuarekin hartu direla.

  • Josean Querejeta

    Josean Querejeta, Alaveseko akziodun nagusia. Argazkia: EITB Media

Josean Querejeta Alaveseko akziodun nagusiak prentsa oharra publikatu du astearte (apirilak 12) honetan, taldeak bizi duen egoerari buruzko azalpenak emateko. Querejeta sinetsita dago Alaventzat "eskuragarria" dela mailari eusteko helburua lortzea. Gaineratu du, zuzendaritzaren konpromisoa erabatekoa dela, eta erabaki guztiak salbazioa lortu ahal izateko asmoarekin hartu direla.

"Urtea zaila izan da. Hala ere, ziur nago guztiok batera helburua lortuko dugula. Zaleek ematen dutenarekin, eta jokalari zein teknikarien esfortzuarekin, mailari eustea eskuragarria da Alavesentzat, erronka zaila den arren", azpimarratu du akziodun nagusiak. Arabako taldea Santander Ligako sailkapeneko azken postuan da 22 punturekin, eta 7 puntura du salbazioa.

Alavesen aitzakiek ez dutela balio eta pandemiak Mendizorrotzako giroa baldintzatu duela ere gogoratu du. Hala ere, Qurejetaren ustez, "bat eginda egoteko garaia da, Alavesek beste urtebetez gozatu dezan Lehen Mailan egotearen ametsaz".

"Jokalariek daukaten guztia eman behar dute, eta gehiago ezin dutenean hor egongo dira zaleak, bultzada emateko. Alaveseko jarraitzaileak ezin hobeak dira, Mendizorrotzan  partida guztietan baieztatu dezakegunez. Kirol arloan egoera zaila izateaz gain, egoera ekonomikoa eta osasun egoera txarrak diren garai honetan, gurekin bidaiatzen jarraitzen dute, eta partida guztian zehar animatzen gaituzte".

Prentsa oharra bukatzeko, zuzendaritzan dauden kideei, jokalariei eta teknikariei daukaten guztia emateko eskatu die, zaleei dena posible dela helarazteko.