Itxi

Alaves

Errege Kopa

Alavesek final-zortzirenetarako txartela lortu du, Lehen Mailako Valladolid kanporatuta

EITB Media

Gasteizko taldeak garaipena bereganatu du Mendizorrotzan jokatu duen Errege Kopako final-hamaseirenetako kanporaketan. Syllak sartu du norgehiagokako gol bakarra.

1:58
Alaves

Alaves Errege Kopako final-zortzirenetara sailkatu da asteazken honetan (urtarrilak 4) Lehen Mailako Valladolid mendean hartuta (1-0), Mendizorrotzan jokatu den final-hamaseirenetako norgehiagokan. Ondorioz, Arabako taldea datorren larunbateko (urtarrilak 7) zozketan egongo da.

Bero hasi da norgehiagoka. Valladolidek penaltia eskatu du aurkariaren areara gerturatu den lehen jokaldian, eta, bosgarren minutuan, epaileak Zou Feddal egotzi du protesta egiteagatik.

Gasteizko taldeak erasora jo du jokalari bat gehiagorekin dagoela ikusita, eta gola sartu du 11. minutuan; Syllak jarri du 1-0ekoa markagailuan, jaurtiketa on batekin baloia ate barruan sartuta.

Ondoren, Anderson Arroyok izan du bigarrena sartzeko abagunea. Beranduago ere gertu izan du gola Alavesek, baina gehiegi barkatu du aurkariaren ate aurrean. Valladolid ezinean ibili da, baina 30. minutuan sustoa eman du gutxigatik kanpora joan den Gonzalo Plataren jaurtiketarekin.

Bigarren zatiaren hasieran abagune argia izan du Alavesek, baina Abde Rebbachek ez du asmatu aurkariaren ate aurrean. Nagusi izan da Arabako taldea bigarren zatian, kontrolpean izan du neurketa, baina ez ditu gola sartzeko aukerak baliatu.

Valladolidek erasora jo du azken txanpan, baina Alaves sendo ibili da defentsako lanean, eta garaipenak ez dio ihes egin Gasteizko taldeari (1-0).

Fitxa teknikoa:

1 - Alaves: Owono; Javi Lopez, Sedlar, Laguardia, Arroyo (Tenaglia, 46. min); Toni Moya, Balboa (Sevilla, 46. min), Rober (Benavidez, 84. min); Abde (Rioja, 75. min), Jason (Guridi, 65. min) eta Sylla.

0 - Valladolid: Asenjo; Luis Perez (Plano, 65. min), Javi Sanchez, Feddal, Rosa (Kenedy, 72. min); Malsa, Kike, Ivan Sanchez (Fresneda, 65. min); Plata, Narvaez (Torres, 10. min) eta Weissman (Guardiola, 65. min).

Gola: 1-0, 11. min: Sylla.

Epailea: Ortiz Arias. Txartel gorria atera dio Feddal Valladolideko jokalariari, 5. minutuan. Txartel horiak atera dizkie Balboa (28. min), Arroyo (31. min) eta Sevilla (86. min) Alaveseko futbolariei, baita ere Malsa (41. min), Perez (61. min) eta Plata (86. min) Valladolideko jokalariei.