Itxi

Alaves

Denboraldiaurrea

Alavesek 2-1 galdu du Burgosen aurka, eta Giulianok larria izan daitekeen lesioa jasan du

EITB MEDIA

Neurketako azken minutuetan, Alaveseko aurrelariak min hartu du ezker orkatilan, eta, gerora, anbulantzian eraman dute. 85. minutuan lesionatu da, eta epaileak bukatutzat eman du partida.

1:58

Alavesek 2-1 galdu du Burgosen aurka, Briviescan, igande arratsaldean, lehiaketa ofiziala hasi baino lehen aurreikusita zuen azken lagunarteko partidan. Nolanahi ere, neurketako okerrena ez da izan emaitza, Giuliano Simeone Alaveseko aurrelariak jasandako lesioa baizik; izan ere, lesio larria izan liteke. Partidako 85. minutuan lesionatu da, anbulantzian eraman dute, eta epaileak amaitutzat eman du neurketa.

Giulianoren lesioaren jokaldian, Alaves erasoan zebilen, eskuinaldetik; Giulianok berak, aurretik, 2-1eko gola egin du, eta Luis Garcia Plazaren gizonak berdinketaren bila zebiltzan. Bi taldeetako jokalariak berehala jabetu dira lesioa larria izan litekeela.

Kirol arloari dagokionez, lehen zatian, Alavesek ezin izan dio abiadura handirik eman jokoari. Denboraldiaurreko partidetan askotan gertatzen denez, jokoak ez du erritmo oso bizia izan, eta horrek ez dio lagundu Alavesi; izan ere, Luis Garcia Plazaren gizonak beti ahalegintzen dira bizkor jokatzen. Hala, 34. minutuan, ezkerretik iritsitako pase ona aprobetxatuta eta area ertzean jokaldi polita eginda, Javier Lopez-Pintok 1-0ekoa sartu du, eskuinkada ederra eginez.

1:58

Atsedenaldiaren ostean, Ander Guevara zelairatu da, baina bigarren zatiaren hasiera ez da ona izan Alavesentzat. 58. minutuan, Saul del Cerrok Burgosen bigarren gola sartu du. Alaves ez da fin ibili atzealdean, area barruan, jokaldi horretan. Jarraian, kontraeraso azkar batean, Giulianok pase sakon ona jaso du, bain ezin izan du baloia sareetara bidali.

Gasteizko taldearen ahaleginak 80. minutuan izan du saria. Abde ezkerretik sartu da, trebetasun handiz, baloia area txikian ipini du, eta Giulianok 2-1ekoa egin du.

Ez da ia-ia beste ezertarako astirik izan, 85. minutuan min hartu baitu Giulianok. Anbulantziak Alaveseko futbolaria eraman eta gero, epaileak bukatutzat eman du partida, markagailuan 2-1ekoa zela.

  • Replace this text with the error page you would like to serve to clients if your origin is offline.