Itxi

Alaves

EA Sports Liga

Alavesek berdindu egin du Las Palmasen aurka, denboraldiko azken partidan (1-1)

EITB MEDIA

Gasteizko taldeak txapelketako bigarren itzulirik onenetakoa egin du, eta Las Palmasen aurka berdinketa lortuta amaitu du denboraldia. Partidako golegileak Carlos Vicente eta Marc Cardona izan dira.

  • Las Palmas vs Deportivo Alaves

    Las Palmas vs Deportivo Alaves Argazkia: EFE

Alavesek 1-1 berdindu du Las Palmasen aurka, Gran Canaria estadioan, 2023-24 denboraldiko EA Sports Ligako 38. jardunaldian. Alvaro Valles etxeko atezainak Giuliano Simeoneri lehen zatian egindako penaltia gelditu ondoren, atsedenaldiaren ostean iritsi dira bi golak: Carlos Vicentek Arabako taldearentzat egindakoa (50. min) eta Marc Cardonarena Las Palmasentzat egindakoa (71. min). Norgehiagoka entretenigarri bezain garrantzigabea izan da, jokoan zeuden hiru puntuek ez zutelako eraginik izango sailkapen nagusian.

Partidako lehen minutuetan, bi taldeetako batek ere ez du partidaren kontrola bereganatzea lortu. Lehen aukera Deportivo Alavesek izan du 12. minutuan. Giulianok oinaren kanpoaldearekin pase bikaina egin ostean, Carlos Vicentek buruz errematatu du, baina Las Palmaseko atezainak gola eragotzi du.

32. minutuan, epaileak penalti adierazi du Mika Marmolek Giuliano Simeone lurrera bota duelako. Alvaro Valles atezainak, baina, asmoa igarri dio argentinarrari, eta gola saihestu du. Simeonek penalti jaurtiketan kale egin ostean, etxeko taldea suspertu egin da, eta Alavesek behera egin du defentsan.

Atsedenaldira joan baino lehenago, babazorroek beste aukera paregabe bat izan dute markagailuan aurretik jartzeko, baina Las Palmaseko atezainak Solaren jaurtiketa gogorra gelditu du.

Bigarren zatia Carlos Vicenteren golarekin hasi da, talde arabarra aurretik jarri duena (0-1). Gol horrek bikain islatu ditu taldeak urte osoan zehar izan dituen bertuteak. Panichelliren pase baten ostean, Giuliano Vallesen aurrera iritsi da, eta ezin izan du ondo definitu erdiko atzelariek bidea itxi baitiote argentinarrari. Hala ere, zorutik altxatu da, eta Carlos Vicenteri eman dio baloia, sarera bultza zezan.

Partidak aurrera egin ahala, horiak animatu egin dira, eta 71. minutuan iritsi da markagailuan berdinketa jarri duen gola. Benitoren pase baten ostean, Marc aurreratu da area txikian, eta sare barrura bidali du baloia (1-1).

Liga Cadizen hasi eta bederatzi hilabete baino gehiagora, talde babazorroak agur esan dio denboraldi handi bati, 2023/24 sasoiaren hasieran amestu zuten bezala, mailari ondo eta garaiz eutsi baitio.

Fitxa teknikoa:

1. Las Palmas: Alvaro Valles; Alvaro Lemos (Benito, 58. min), Alex Suarez (Loiodice,  65. min), Coco, Mika Marmol; Javi Muñoz, Fabio (Eric Curbelo, 79. min), Kirian; Munir (Marc Cardona, 58. min), Sandro (Cristian Herrera, 80. min) eta Moleiro.

1. Alaves: Owono; Sola (Abde, 77. min), Abqar (Marin, 46, min), Duarte, Javi Lopez (Eneko Ortiz, 77. min); Guevara, Guridi; Hagi, Carlos Vicente, Giuliano (Gorosabel, 90+3. min); eta Panichelli (Samu, 77. min).

Golak: 0-1, 50. min: Carlos Vicente. 1-1, 71. min: Marc Cardona.

Epailea: Francisco Jose Hernández Maeso. Txartel horia atera die Fabio (74. min) eta Moleiro (76. min) Las Palmas taldeko jokalariei, eta Hagi (37. min) Alavesekoari.