Athletic Club
1-0, Rosaledan
Athleticek porrotarekin hasi du Liga, partida polemiko batean
Erredakzioa
Mateu Lahoz epaileak, luzapenean, Iraizozen gol bat baliogabetu du eta ez du adierazi Adurizi egindako penalti argia zirudiena. Malagak bederatzi jokalarirekin amaitu du partida.
-
Aduriz eta Susaeta, paridako une batean. Argazkia: EFE.
Athleticek porrotarekin hasi du Liga (1-0) Rosaledan, Malagaren aurka, amaiera oso polemikoa izan duen partida batean. Mateu Lahoz epaileak, luzapenean eta itxuraz arrazoirik gabe, Gorka Iraizozek burukada eder batean lortutako gol bat baliogabetu du eta ez du adierazi Ariz Adurizi egindako penalti argia zirudiena. Malagak bederatzi jokalarirekin amaitu du partida, baina, azken finean, aprobetxatu du lehoiek, behintzat partidaren azken minutuetara arte, egindako partida motela. Lehen hiru puntuak eskuratu dituzte andaluziarrek Luis Albertok 35. minutuan lortutako gola, bere penaltiaren jaurtiketaren urruntzean baloia barrura bidaliz.
Dena dela, eta amaierako polemika alde batera utzita, zurigorriek ez dute partida onik egin. Baloia mugitu dute eta Malagaren defensa irekitzen saiatu dira, baina gutxitan gerturatu dira arriskuarekin, azken minutuetara arte behintzat. Malagaren jokalariek ikusitako bi txartel gorriek (biak argiak izan direla dirudi; lehena, Dudarentzat izan da, Muniain balorik gabe bultzatzeagatik, eta bigarrena Antunesek ikusi du, Guillermori sarrera oso itsusia egiteagatik), eta Athleticek bigarren zatian egindako presio handiagoak aukerak eman dizkio Athletici, baina ez da nahikoa izan porrota saihesteko.
Athleticentzako albisterik onena Iker Muniainen partida ona izan da. Gogotsu borrokatu du eta ondo erabili du baloia partida osoan zehar Txantreako jokalariak. Beste jokalari batzuek, aldiz, ez dute joan den denboraldiko maila ematerik izan. Ernesto Valverderen hamaikakoan aldaketa bakarra izan da, Napoliren aurkako partidan irten zenarekin alderatuta: Oscar de Marcosen ordez, Andoni Iraola sartu da eskuineko hegalean. Hala ere, taldearen jokoa ez da Italiako partidakoa bezain sendoa izan.
Athleticen akats batek eman dio abantaila Malagari
Valverderen gizonen lehen zatia ez da ona izan. Athleticek kontrolatu du jokoa, bere aurkariak baino gehiago, behintzat, baina ez du sakontasunik izan. Bi jokalditan bakarrik lortu dute zurigorriek arriskua sortzea; bietan, Adurizek Muniainen pasea jaso du, baina aurrelari donostiarrak ezin izan du baloia Kameni ren sareetara bidali.
Luis Albertok, aldiz, badu aprobetxatu Athleticek egindako oparia 35. minutuan, Carlos Gurpegui baloia Gorka Iraizozi buruz uzten saiatu da, baina, nahi gabe, Santa Cruzi eman dio zuzenean. Bere irteeran, Iraizozek Malagako jokalaria bota du lurrera. Penaltia, argia, gelditu du atezain nafarrak, baina bigarren saiaketan ezin izan du ezer egin gola saihesteko. Min handia egin die 1-0ekoak lehoiei; lehen zatiaren azken minutuetan, arazoak izan dituzte Javi Graciaren gizonen erasoei eusteko.
Ibai, Beñaten ordez
Bigarren zatirako Ibai sartu da, Beñaten ordez, eta horrek erdira eraman du Iker Muniain eta ezkerretara Santutzuko jokalaria. Athleticek, apurka-apurka, Malagak atzera egitea lortu du, eta lehoiek egindako presioa gero eta handiagoa izan da, minutuak aurrera joan ahala. Aukerak heldu dira, jarraikortasun handirik gabe, luzapenera arte; minutu horietan gertatutakoak partidaren historia alda zezakeen, baina azkenean puntuak etxean geratu dira. Asteazkenean, Napoli dator San Mamesera.
Fitxa teknikoa
1.- Málaga CF: Kameni; Rosales, Sergio Sanchez, Weligton, Antunes; Horta, Darder (Recio, 83. m), Camacho, Juanmi (Samuel, 63. m); Luis Alberto (Duda, 73. m) eta Santa Cruz.
0.- Athletic: Iraizoz; Iraola, Laporte, Gurpegui (San Jose, 59. m), Balenziaga; Susaeta (Guillermo, 81. m), Iturraspe, Mikel Rico, Muniain; Beñat (Ibai, 46. m) eta Aduriz.
Gola: 1-0, 35 m: Luis Alberto.
Epailea: Mateu Lahoz (Valentzia).