Athletic Club
Orbaiz baja izango da
De Marcos (Athletic-Mallorca): "Mallorcak ez nau kezkatzen"
Haritz Gallastegi
Lezama
Athleticeko jokalariak ez dira ausartzen esatera igandeko partida erabakigarria denik, baina ez dute ukatu neurketak duen garrantzia. Orbaiz baja izango da bigarrenez.
Lau jardunaldi falta dira Espainiako Liga amaitzeko. Interes handia duten lau jardunaldi izango dira. Izan ere, sailkapenaren goiko postuak zein behekoak erabaki barik baitaude. Baita Europarako txartela ematen dutenak ere. Borroka horretan murgilduta dago Athletic. Hala ere, zuri-gorriek ez dute aldez aurretik Mallorcaren aurkakoa final moduan hartzen. "Mallorcaren aurkako partida garrantzitsua da, baina huts egiten badugu erabakigarria ez izatea espero dut", esan du Oscar De Marcosek.
Irletako taldea sekulako sasoia egiten ari da. Talde mugatua izan arren, eta kirol arloarekin zerikusirik ez duten arazo larriak izan arren, maila bikaina erakutsi du berdeguneratu den bakoitzean. Horregatik da aintzat hartzeko aurkaria. "Txapelketako ezusteko nagusia da. Oso ondo ari den taldea da, eta, beraz, konfiantzaz gainezka egongo da. Ez dut uste aldez aurretik berdinketarekin konformatuko denik", adierazi du Iraolak.
Dena dela, Athleticek bereari begiratu behar dio. Konfiantza izan behar du zelaian egin dezakeenaz. De Marcosek argi dauka hori. "Mallorcak ez nau kezkatzen. Etxean indartsuak garela berretsi behar dugu".
Pablo Orbaiz ez da osatu eta baja izango da bigarrenez jarraian. Koilili, berriz, normaltasunez entrenatu da eta prest dago taldeari laguntzeko.