Athletic Club
Igandean, 21:00etan
Athletic-Mallorca: Gola falta da
Haritz Gallastegi
Lezama
Talde zuri-gorria,hiru jardunaldiko lehorteari amaiera eman eta Europara gerturatuko dion garaipena eskuratzen ahaleginduko da Mallorcaren kontra.
Athleticek eta Mallorcak jokatuko duten neurketak analisi ezberdina izan du alde zuri-gorriaren inguruan. Batzuentzat, gehienentzat, finala da. Beste batzuentzat, berriz, ez da neurketa erabakiorra. Aurkari zuzenenen emaitzek eragin zuzena izango dute jardunaldi bukaeran partidak zuen garrantzia aztertzerakoan. Baina, aurkariek egingo dutena baloratu barik ere ukaezina da oso neuerketa garrantzitsua dela Athleticentzt. Lau jardunaldi geratzen dira txapelketa amaitzeko, eta jokoan dauden hamabi puntuetan gutxienez Vila- Realek baino puntu bi gehiago eskuratu behar ditu Caparrosen taldeak.
Bistan da San Mameseko neurketan presio handia izango duela Athleticek. Egoera goitik behera aldatu baitezake azken emaitzak. Athleticek irabazten badu Europarako txartela eskuratzeko borrokan jarraitzeaz gain, laugarren postura gerturatuko litzateke. Galduz gero, berriz, Txapeldunen Ligari agur esango lioke talde bizkaitarrak eta seguruenik Europari ere bai.
Caparrosek Andoni Iraola berreskuratuko du Mallorcari aurre eigteko. Meritu itzela dauka Gregorio Manzanoren taldeak. Irletako taldeak arazo larriak ditu, baina, hala ere, berdegunean sekulako maila ematen ari da. Athleticen antzera etxeko partidetan oinarritu du bere arrakasta. Iraolarekin batera litekeena da Susaeta eta Gabilondo ere taldera bueltatzea. Aurrean, berriz, Toquero eta Llorente izango dira golak egin eta aukerak sortzeko aukeratuko futbolariak.
Athleticen ustezko hamaikakoa: Iraizoz; Iraola, San Jose, Amorebieta, Castillo; Susaeta, Javi Martinez, Gurpegi, Gabilondo; Toquero eta Llorente.