Itxi

Athletic Club

Entrenatzaile berria

Eduardo Berizzo: 'Athleticen filosofiaren parte izan nahi dut'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Argentinarrak urtebeteko kontratua sinatu du talde zuri-gorriarekin, 2019ko ekainaren 30era arte, eta bost kideko lantaldea ekarri du berarekin batera.

1:10

Eduardo Berizzo Athleticeko entrenatzaile berriak aurkezpen prentsaurrekoa eman du ostegun arratsaldean, San Mameseko Jose Iragorri prentsa-aretoan, Josu Urrutia klubeko presidentea aldamenean zuela.

Teknikari argentinarrak urtebeteko kontratua sinatu du talde zuri-gorriarekin, 2019ko ekainaren 30era arte, eta bost kideko lantaldearekin batera heldu da: Ernesto Marcucci, Pablo Fernández, Carlos Kisluk, Roberto Bonano eta Mariano Uglessich.

Bere lehendabiziko adierazpenetan, entrenatzaile zuri-gorri berriak azaldu du zerk bultzatu duen Athleticen eskaintza onartzera: "Nire desioa zen taldea, estadioa, hiria bera inguratzen duen giroaren, hots, xarma berezi horren parte izatea".

Azaldu duenez, Marcelo Bielsarekin (zeinarekin bigarren entrenatzaile lanetan ibili zen Txileko selekzioan) eta Ernesto Valverderekin jardun du Athletici buruz hitz egiten. "Marcelorekin hitz egin dut gaur hemen egoteko, eta dudarik ez izateko gomendatu zidan. Dagoeneko gurekin ez dagoen Luis Boninirekin ere aritu nintzen". Ildo horretatik, honako hauxe baieztatu du irmoki: "Ez dut inolako zalantzarik izan Athleticera etortzeko".

Talde zuri-gorrian ezarri nahi duen joko-moldeari dagokionez, azpimarratu du gustuko duela bere taldea "protagonista eta dinamikoa izan dadila, baloia abiapuntutzat izanda".

Taldeko fitxaketa berriak ere hizpide izan ditu ere, hau da, Ander Capa eta Cristian Ganea. Atsegin dituela esan du, baina gainontzeko taldeari dagokionez, "egoeraren analisi sakona" egin behar duela erantsi du, beste ezeri heldu aurretik

Lezamara bisita

Aurretik, goizean, Berizzok Lezamako instalazioak bisitatu ditu, dagoeneko ezagutzen zituenak bere talde ohietako batekin "entrenatzen etortzeagatik". "Bikainak, erosoak eta praktikoak" direla iritzi dio, "talde handi bati dagozkionak". Hala adierazi du Athleticek berak bere sare sozialetan zabaldu duen bideo batean, fitxaketaren berri eman eta gutxira.

Gaineratu duenez, Athleticekin fitxatzeko erabakia "arrazoi tekniko eta emozionalek bultzatuta" hartu du. "Onartzen dut Athletic balioz beteriko kluba dela, izpiritu desberdina eta bakarra duena".

Cruz Altan (Argentina) jaiotako entrenatzailearen esanetan, bere xederik nagusiena "joko-molde baten bidez talde bat osatzea" izango da, "garaipena hurbilago baitago jokatu nahi duzun eran jokatzea lortzen baduzu".

Azkenik, bere lehen mezua bidali die jarraitzaile zuri-gorriei goizeko adierazpenetan: "Ilusio guztia jarriko dugu hunkituko dituen talde bat eraikitzeko lanean, berarekin identifikatuta senti daitezen zelaian".

Berizzo Bielsarekin izandako elkarrizketetan 'agertu' zen

Bere aldetik, Josu Urrutiak jakinarazi duenez, Eduardo Berizzoren izena zenbait alditan agertu zen mahaigainean 2011n Marcelo Bielsarekin izan zituen elkarrizketetan (garai hartan, Athleticeko presidentea Bielsa fitxatzen saiatzen ari zen).

Presidenteak adierazi du Berizzorengana jo aurretik, futboleko "jende askoren" iritzia izan duela kontuan, tartean Ernesto Valverderena.

"Modu horretan, ideia bat eraikitzen joan nintzen nire buruan, eta ideia hori gure estiloarekin bat datorrela jabetu nintzen. Eta Eduardo gaur gurekin dago, heldu ginenetik izan dugun profilarekin bat egiten duelako: irabazteagatik borrokatzea, baina baita egunero hobeak izaten saiatzeagatik ere. Hori horrela izaten jarrai dezala lagunduko digu", nabarmendu du Urrutiak.