Athletic Club
Igandean, 16:15ean
Athleticek ligako hobekuntzari eutsi nahi dio Vila-reali irabaziz
Agentziak | Erredakzioa
Aritz Aduriz eta Raul Garcia baja dira La Ceramica estadioan jokatuko den partidarako.
-
Iñaki Williams, Vila-rrealen aurkako partida batean. Argazkia: Efe.
Athleticek Vila-realen aurka neurtuko ditu indarrak igandean, eta bilbotarrek ligako azken partidetako bolada onari eusteko helburu sendoa dute. Azken emaitzei esker, sailkapeneko beheko postuetatik atera da talde zuri-gorria, eta Vila-real aurkari zuzenarekin duen aldea handitu nahi du.
Gaizka Garitano bilbotarren aulkian eseri denetik, azken 15 puntuetatik 11 lortu dituzte lehoiek, azken hirurak Sevillaren aurka, Iñaki Williamsek neurketa bikaina eginda.
Williamsen eta Iker Muniainen sasoi ona ikusita, Raul Garciaren eta Aritz Adurizen bajek buruko min gutxiago eman diete zaleei.
Hasierako hamaikakoa nahiko argi dagoela dirudi. Zalantza da Ibai Gomezek hasieratik jokatuko duen ala ez jakitea, eta Ander Capak eta Oscar de Marcosek eskuin hegalean jarraituko duten.
Ustezko hamaikakoak
Vila-real: Asenjo; Mario, Álvaro, Funes Mori, J.Costa; Iborra, Manu Trigueros; Cazorla, Fornals, Toko Ekambi; Gerard Moreno.
Athletic: Iago Herrerín; Capa, Yeray, Iñigo Martínez, Yuri; Dani García, Beñat; Ibai, Muniain, Córdoba; Williams.
Epailea: Undiano Mallenco Alberto (Nafarroako batzordekoa)
Estadioa: La Cerámica
Ordua: 16.15ean