Itxi

Athletic Club

Larunbatean, 18:30ean

Athleticek eta Eibarrek hiru puntuak behar dituzte, helburu ezberdinetarako

Agentziak | Erredakzioa

Bilbotarrak Sevillan Betisekin galtzetik datoz. Eibarrek lau partida jarraian galdu ditu eta baja ugari eta garrantzitsuak ditu derbirako.

  • Athleticen eta Eibarren armarriak, San Mameseko irudiaren gainean. Irudia: ETB.

    Athleticen eta Eibarren armarriak, San Mameseko irudiaren gainean. Irudia: ETB.

Athleticek Txapeldunen Ligako postuak begiz jota ditu, eta puntu bakar batera, eta Eibarrek jaitsierakoak aldendu egin nahi ditu (bi puntura dauzka). Horiek dira San Mameseko euskal derbia jokatuko duten bi taldeen helburuak.

Katedralean giro paregabea egotea espero da, bi kluben artean harreman estu eta ona dagoela kontuan izanda.

Lehoiek ez dute guztiz ahaztu aurreko jardunaldian Betisen aurka hartutako porrota, lehen 20 minutu negargarri jokatu ostean. Tarte horretan Joaquin beteranoak Joaquin beteranoak hiru gol egin zizkien, Ligaren historiara pasako den balentrian.

Hala ere, Athleticek 3 eta 0ekoa 3 eta 2ko emaitza bihurtzea lortu zuen partida amaierarako, Gaizka Garitanoren taldearen lehiakortasunaren adibide argia. Gainera, eta Betisekin galdu arren, bilbotarrek puntu bakar batera dituzte Txapeldunen Ligako postuak.

Eibarri dagokionez, armaginak estu eta larri dabiltza azken asteetan. Sailkapeneko postua alde batera utzita, Mendilibarrek baja ugari eta garrantzitsuak ditu San Mameserako: Diop eta Orellana zigortuta daude, eta Ramis, Cote eta Arbilla, lesionatuta.

Ondorioz, entrenatzaile bizkaitarrak bigarren taldeko hiru jokalari deitu behar izan ditu: Cubero, Ekhi Bravo eta Atienza.

Jokoan dauden hiru puntuak oso garrantzitsuak dira gipuzkoarrentzat, jaitsiera postuetan egon ez arren, beste porrot bat jasotzeak min handia egingo liekeelako.

Ustezko hamaikakoak

Athletic: Unai Simón; Capa, Yeray, Iñigo Martínez, Yuri; Dani García, Beñat; Williams, Unai López, Córdoba eta Raúl García.

Eibar: Dmitrovic; Correa, Esteban Burgos, Oliveira, Bigas; Pedro León, Escalante, Expósito, Inui; Quique González eta Charles.

Epailea: Mario Melero López (Andaluziako batzordekoa).

VAR-eko epailea: David Medié Jiménez (Kataluniako batzordekoa).

Estadioa: San Mames.

Ordua: 18.30ean