Athletic Club
NUEVO LOS CARMENES, 21:00etan
Athleticek Sevillan izan nahi du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zuri-gorriek Granadaren aurka jokatuko dute gaur, Errege Kopako finalerdietako itzuliko partidan, eta joanekoan lortutako 1-0ekoarekin egingo dio aurre erronkari.
-
Athletic eta Granadako jokalariak korner baten zain. Argazkia: EFE
Granadaren eta Athleticen arteko Errege Kopako finalerdietako kanporaketa gaur erabakiko da, Nuevo Los Carmenes zelaian. Zuri-gorriek joaneko neurketan Muniainen golari esker lortutako 1-0eko aldeko markagailuarekin ekingo diote neurketa erabakigarriari.
Granadako taldeak ilusioa izango du oinarrietako bat, kontrako emaitzari buelta eman eta historia egiteko; bilbotarrek, berriz, horrelako partidetan izandako eskarmentua baliatu nahiko dute.
Duela 51 urte izan zen bien arteko aurrekari bat. Orduko hartan, Athleticek Granada kanporatu zuen Andaluziako taldeak jokatutako azken finalerdian. Aurretik, 1959an, Granadak orain arteko Kopako final bakarra jokatu zuen Bartzelonaren aurka, 4-1eko emaitzarekin galdu zuena. Beraz, ostegun honetan bere bigarren finalera sailkatzea izango du helburu.
Gaizka Garitanoren taldea indarberrituta iritsiko da, Ligan Vila-realen aurka eskuratutako azken garaipenarekin (1-0). Hala ere, ardura puntu batekin ere badu, Dani Garciaren bajak norgehiagokaren bilakaeran izan dezakeen eraginagatik.
Zumarragakoaren ordezkoa nor izango den da bilbotarren aldetik dagoen zalantza nagusienetakoa; aitzitik, itxura guztien arabera, Mikel San Jose izango da haren postua hartuko duena Mikel Vesgarekin batera aritzeko.
Gainerako izenak zein izango diren argi dagoela dirudi, baldin eta, espero den bezala, Garitanok hiru erdiko atzelarien aldeko hautua egiten badu: Unai Simon, Capa, Yeray, Unai Nuñez, Iñigo Martinez, Yuri, Muniain, Raul Garcia eta Williams.
Ostera, Derioko entrenatzaileak lauko lerro bat nahiago badu defentsan, Nuñezek bere tokia utziko lioke aurrealdean ari den jokalari bati, Iñigo Cordobari, ziurrena, Vila-realen aurka hamaikakora itzuli eta partida ona jokatu baitzuen.
Diego Martinezek zuzentzen duen taldea, berriz, sasoiko eta emaitza bolada onean murgilduta dator partidara; izan ere, LaLiga Santanderren zazpi puntu pilatu ditu azken hiru partidetan.
Etxekoek Roberto Soldado aurrelariaren baja garrantzitsua dute, txartel pilaketagatik zigortuta baitago. Entrenatzailearen planetan funtsezkoa den jokalaria da, eta horrelako norgehiagoketan eskarmentu gehien duena Andaluziako taldean.
Bestalde, ez dago argi Yan Eteki erdilari kamerundarra jokatzeko moduan egongo den, Celtaren aurkako Ligako azken partidan belaunean kolpea hartu ondoren. Partida berean min hartu zuten Domingos Duarte erdiko portugaldarra, Dimitri Foulquier hegaleko frantziarra eta Yangel Herrera Venezuelako erdilaria, aldiz, gertu egongo direla ematen du.
Litekeena da Diego Martinezek azken norgehiagoketan erabili dituen hiru zentralez eta bi hegalekoz osatutako defentsaren alde egitea. Hiruko lerro horretan, German Sanchez eta Domingos Duartek toki segurua dute, eta haiekin batera jarduteko Victor Diazek aukera gehiago ditu Jesus Vallejok baino.
Gainerako hamaikakoa erabakita dagoela dirudi: zalantza bakarra da aurrealdean Carlos Fernandez eta Darwin Machis venezuelarraren laguntzailea Antonio Puertas edo Fede Vico izango ote den.
Balizko hamaikakoak:
Athletic: Unai Simon, Capa, Yeray, Unai Nuñez, Iñigo Martinez, Yuri, Dani Garcia, Vesga, Muniain, Raul Garcia eta Williams.
Granada: Rui Silva, Foulquier, Victor Diaz, German, Domingos Duarte, Carlos Neva, Gonalons, Yangel Herrera, Antonio Puertas, Machis eta Carlos Fernandez.
Epailea: Carlos del Cerro Grande.
VAReko epailea: Juan Martinez Munuera.
Futbol-zelaia: Nuevo Los Carmenes.
Ordua: 21:00.