Itxi

Athletic Club

Igandean, 14:00etan

Athleticek Kopa ahaztu eta Valladoliden aurkako Ligako partida du helburu

Erredakzioa

Talde zuri-gorriak Jose Zorrillan jokatuko du igande honetan, 14:00etan, Ligako 27. jardunaldiari dagokion partida.

  • Nacho eta Muniain. Argazkia: EFE

    Nacho eta Muniain, Ligako lehen itzuliko Athletic-Valladolid partidan. Foto: EFE

Athleticek Valladolid izango du aurkari igande honetan Jose Zorrillan, 14:00etan, Ligako 27. jardunaldiko partidan. Zuri-gorriek ostegunean lortu zuten Errege Kopako finalera sailkatzea Granadaren aurka galdu arren (2-1), eta bigarren garaipena jarraian lortu nahi dute Ligan.

Kopako finalera sailkatu ostean, Ligan aurrerapausoa ematea du helburu Athleticek. Gaizka Garitano entrenatzaileak aldaketak egingo ditu ohiko hamaikakoan, nekearen eraginez eta jokalari batzuek partida bateko zigorra bete behar dutelako. Adibidez, Ander Capa eta Unai Nuñez jokalariek ezingo dute jokatu txartel kopuruagatik zigorra bete behar dutelako. Lekuek beteko du Caparen hutsunea, eta Garitano lauko defentsara bueltatuko da, Yerayk eta Iñigo Martinezek beteko dituztelarik erdiko defentsako postuak. Bestalde, Dani Garcia hamaikakora itzuliko da, Kopan zigorra bete ostean. Unai Lopezek hasieratik jokatzeko aukerak ditu Vesgaren ordez, eta litekeena da Muniain, Raul Garcia edota Iñaki Williams aulkian egotea. Erasoko eskuin hegalean Ibai Gomezek edo Larrazabalek jokatzeko aukerak dituzte, ezker hegalean Cordoba egongo delarik. Litekeena da Oihan Sancetek ere hamaikakoan egoteko aukerak izatea. Granadan hasieratik jokatu zuen Mikel San Jose deialditik at geratu da.

Valladolidek hiru puntuak eskuratu nahi ditu, arazoetan sartuta ez ikusteko. Sergi Guardiola aurrelariaren baja izango du Pucelako taldeak; ondorioz, Sergio Gonzalez entrenatzaileak joko-sistema alda dezake.

Ustezko hamaikakoak:

Valladolid: Masip; Moyano, Kiko Olivas, Salisu, Raul Carnero; Oscar Plano, Raul Alcaraz, Joaquin, Fede San Emeterio edo Toni Villa; Sandro eta Ünal.

Athletic Club: Unai Simóon: Lekue, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri; Dani Garcia, Unai Lopez; Ibai, Sancet, Cordoba; eta Raul Garcia.

Epailea: Jose Luis Munuera Montero.

VAReko epailea: Alfonso Alvarez Izquierdo.

Zelaia: Jose Zorrilla.

Ordua: 14:00etan.