Itxi

Athletic Club

Gaur, 22:00etan

Europako itxaropenei eusteko asmoz jokatuko du Athleticek Bartzelonan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gaizka Garitanok aldaketak egingo ditu hasierako hamaikakoan, 2001etik irabazten ez duen futbol-zelaian jokatzeko.

Gaizka Garitano

Europara sailkatzeko dituen itxaropenei eusteko ilusioarekin bidaiatuko du Athleticek Camp Noura, Bartzelonaren aurka aritzeko. Katalanek ere garaipen beharra daukate Sevillan berdindu ostean; izan ere, une honetan ez dute hutsegiteko aukera gehiago, Real Madril aurretik jarri baitzaie sailkapenean. Partida gaurko 22:00etan jokatuko da gaur.

Zuri-gorriek bizirik mantendu zituzten Europarako asmoak azken jardunaldian, Betisen kontra San Mamesen irabazita (1-0). Garaipen horrekin, Bilboko taldeak bost puntu lortu ditu Liga txapelketa berriro abiatu zenetik jokatutako hiru partidetan, eta guztira 11 puntu pilatu ditu azken bost jardunaldietan.

Hala ere, Gaizka Garitanoren taldearentzat garrantzitsuena da bost puntura mantentzen dela Europako borrokatik, eta, horrez gain, duela gutxira arte oso urruti zeuden aurkariengana hurbildu dela, besteak beste, Getafe edo Reala.

Athleticek, ordea, eginbehar zaila izango du Bartzelonaren etxean, ez baitu bertan irabazi 2001eko azarotik. Gainera, Yuri Berchichek ezingo du jokatu, bost txartel hori pilatzeagatik.

Garitanok 24 jokalari deitu ditu partida honetarako, tartean Jokin Ezkieta, hirugarren atezaina, Daniel Vivian erdiko atzelaria eta Unai Vencedor erdilaria.

Berchicheren berezko ordezkoa Mikel Balenziaga da, Leo Messiren aspaldiko ezaguna. Alabaina, Derioko entrenatzaileari gehiago gustatzen zaizkio erasokorragoak diren hegalekoak eta, hiru erdiko atzelarirekin jokatuz gero, Oscar de Marcos edo Iñigo Lekue sar daitezke ezker hegalean.

Hamaikakoan egon daitezkeen beste balizko aldaketak asmatzea zaila da. Aitzitik, baliteke Dani Garcia, Iker Muniain eta Raul Garcia bezalako jokalari garrantzitsuak atseden hartzea, eta De Marcos, Mikel Vesga edo Asier Villalibrek hasieratik aritzeko parada izatea.

Bere aldetik, Bartzelonak emaitza bolada onari eutsi behar dio Camp Noun. Zenbakiak jokoa baino hobeak izaten ari dira aspaldian katalanentzat etxean, Leganesen aurkako azken partidan agerian geratu zen legez. 2-0 irabazi zuten orduko hartan, baina sentsazioak ez ziren onak izan.

Gainera, Quique Setienek bi baja garrantzitsu ditu: Frenkie de Jong eta Sergio Roberto.

Balizko hamaikakoak:

Bartzelona: Ter Stegen, Semedo, Piqué, Lenglet, Alba; Busquets, Rakitic, Arturo Vidal, Messi, Suárez eta Griezmann.

Athletic Club: Unai Simón, Capa, Yeray, Unai Núñez, Iñigo Martínez, De Marcos, Dani García, Vesga, Raúl García, Williams eta Villalibre.

Epailea: Gil Manzano.

Futbol-zelaia: Camp Nou.

Ordua: 22:00.