Itxi

Athletic Club

31. JARDUNALDIA

Athleticen ahaleginak ez du punturik lortu Bartzelonaren etxean (1-0)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Hamaikakoan hainbat aldaketarekin zelairatu diren zuri-gorriek galdu egin dute Rakiticek bigarren zatian (71') lortu duen gola dela medio.

  • Messi, Cordobaren eta Vesgaren defentsa gainditu nahian

    Messi, Cordobaren eta Vesgaren defentsa gainditu nahian. Argazkia: EFE

Ivan Rakiticek 71. minutuan sartutako gol batek ezerezean utzi du Athleticek Camp Noun egindako lan ona (1-0). Horrenbestez, Bartzelonak Santander Ligako lidergoa berreskuratu du, Real Madrilek Mallorcaren aurka asteazken honetan egingo duenaren zain. Zuri-gorriek, berriz, gaurko porrota ahaztu, eta hurrengo partida irabazi beharko dute, Europara begira jarraitu nahi badute.

Hobeto zelairatu da Athletic lehen zatian. Hasi eta berehala, Ter Stegenek lana izan du golerako bidea zeraman Unai Lopezen erdiraketa pozoitsua aldentzeko. Gerora, Balenziaga ere ahalegindu area kanpotik; Williamsek ere izan du abagunea, desbideratuta errematatu duen kontraeraso batean, eta Yerayk gora bota du burukada bat, Unai Lopezen beste erdiraketa batean.

Bigarren zatian, berriz, Simonek lan gehiago izan du. Hala, bigarren zatiaren hasieran, Griezmannen aukera garbia ekidin du, frantziarrari errematatzeko lekurik utzi ez dionean. Bartzelona gehiago zen, eta Athleticek urrats bat atzera egin behar izan du.

Setienek aulkia mugitzea erabaki du, eta horrek energia eta dinamismo pixka bat ekarri dio bere  taldeari, lehenik Riqui Puigekin eta gero Ansu Fatirekin.

Amaierarako hogeita bost minutu falta ziren, eta Bartzelona partidaren bila joan da, zuri-gorriek atzean serio lan egiten jarraitzen zuten bitartean. Alabaina, Arturo Vidalek gaizki errematatutako eraso batean, Rakitici heldu zaio baloia, eta kroaziarrak ez du barkatu Simonen aurrean area barrutik. Gol hori Messik Yerayren orkatila nabarmen zapaldu eta gutxira iritsi da, baina izar argentinarrak ez du txartel horirik ere ikusi, gorria ere izan zitekeen arren.

Ura edateko geldialdiaren ondoren, Messik gertu izan du bigarren gola bi aldiz, baina bere bi ahaleginek zuri-gorrien atetik aldenduta amaitu dute.

Athleticek ere izan du berdinketa erdiesteko bere parada, baina Raul Garciak ezin izan du buruz aprobetxatu Balenziagaren erdiraketa baten ostean Ter Stegenek egindako irteera kaskarra. Geroago, Nuñezek ere buruz egin du saiakera, baina alperrik.

Norgehiagoka amaitzear zela, etxekoen txanda iritsi da berriro, Bartzelonak partida osoan izan duen errematerik argienean: Arturo Vidal eta Ansu Fati ibili dira goletik oso gertu, baina lehendabizikoari Simonek geldiketa aparta egin dio, eta bigarrenaren aukera zutoinaren aurka joan da.

Horrenbestez, 1-0ekoarekin amaitu da neurketa.

Fitxa teknikoa:

1 - Bartzelona: Ter Stegen, Semedo, Piqué, Lenglet, Jordi Alba, Sergio Busquets (Rakitic, 65. min), Arthur (Riqui Puig, 56. min), Arturo Vidal, Messi, Griezmann (Ansu Fati, 65. min) eta Luis Suárez (Braithwaite, 85. min).

0 - Athletic Club: Unai Simón, De Marcos, Núñez, Yeray, Balenziaga, Unai López (Dani García, 57. min), Vesga; Lekue (Capa, 69. min), Ohian Sancet, Córdoba (Muniain, 57. min) eta Williams (Villalibre, 69. min).

Golak: 1-0: Rakitic, 71. min.

Epailea: Gil Manzano. Txartel horiak: Sergio Busquets eta Rakitic (Bartzelona); Núñez (Athletic).