Itxi

Athletic Club

Superkopa

Ez, Athleticeko jokalariek ez dute musuko gabe ospatu finalerako sailkapena

A. B. | EITB Media

Birala egin da talde zuri-gorriko jokalariak musuko eta distantzia sozialak gorde gabe egindako ospakizun bat, baina bideoa ez dagokio 2021 Superkopako finalera sailkatu ostean egindako ospakizunari.

  • Athletic Club

    Athleticen autobusa Malagako hoteletik Sevillarantz irtetzen. Argazkia: EITB Media

Athletic 2021eko Espainiako Superkopako finalera sailkatu zen ostegunean (urtarrilak 14), finalerdietan Real Madril mendean hartu ostean. Ostiral honetan, birala egin da talde zuri-gorriko jokalariak eta teknikariak musuko eta distantzia sozialak gorde gabe egindako ospakizun baten bideoa, baina ospakizun hori ez da aurtengo Superkopako finalera sailkatzearen ostean egindakoa.

2021eko Superkopako Real Madrilen eta Athleticen arteko finalerdia urtarrilaren 14an jokatu zen. Jende askok, birala egin den ospakizunaren bideoa talde zuri-gorriak Real Madril kanporatu ostean Loiuko aireportura iristean egindakoa izan dela esan du, baina bulo bat da, Athletic Malagatik (finalerdia bertan jokatu zen) Sevillara (finala jokatuko den hiria) autobusez joan baita, eta bideoan hegazkinetik jaitsi ondoren terminalera eramaten duen autobusean agertzen baitira ospatzen. Athletic ez da Malagatik Bilbora itzuli, zuzenean Sevillara joan baita. Ostiral honetako (urtarrilak 15) 11:30ean irten da Malagatik autobusez, eta 14:00ak aldera iritsi da Andaluziako hiriburura.

Birala egin den bideoan agertzen den ospakizuna, 2020ko martxoaren 5ean Errege Kopako finalean talde zuri-gorriak Granada kanporatu eta finalerako txartela lortu ondorengo egunekoa da; hau da, 2020ko martxoaren 6koa. Norgehiagoka, harmailetan zaleak zeudela jokatu zen, eta ez zeuden indarrean gaur egungo covid-19aren pandemia geldiarazteko neurriak. Orduan, ez zen derrigorrezkoa musukoa erabiltzea, eta ez zegoen indarrean distantzia soziala mantentzeko neurririk.

Bestalde, Superkopan parte hartzen duten klubek Espainiako Futbol Federazioak ezarritako covid-19aren kontrako protokoloa bete behar dute, bestela zigor handiak jaso baititzakete.