Publizitatea
Itxi

2021/02/08

08:25

Athletic Club

Urteurrena

Athletic 12 - Bartzelona 1, Ligako inoizko gol jario handienak 90 urte bete ditu

A. A. | EITB MEDIA

Frederick Pentland entrenatzaile ingelesak zuzentzen zuen talde zuri-gorriak hankapean erabili zuen Kataluniako hamaikakoa. Agustin Sauto 'Bata'-k zazpi gol sartu zituen egun hartan.

  • Markagailuak 12 eta 1eko emaitza islatu zuen partida amaieran Athleticen alde.

    Markagailuak 12 eta 1eko emaitza islatu zuen amaieran. Argazkia: ETBren bideo batetik hartutakoa

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

1931ko otsailaren 8a data historikoa da Espainiako futbolean. Egun hartan, duela 90 urte, Athleticek 12 eta 1 irabazi zion Bartzelonari San Mamesen, hau da, ligako txapelketan inoiz izan den gol jario handiena gertatu zen egun hartan 18.000 ikusleren aurrean. Frederick Pentland entrenatzaile ingelesak zuzentzen zuen etxeko taldeak airean ibili zuen James Bellamy bere herrikidearen talde katalana.

Norgehiagoka horretako protagonista nagusienetakoa Agustin Sauto 'Bata' izan zen; izan ere, sasoi hartan 22 urte zituen Barakaldoko aurrelariak zazpi gol sartu zituen, eta Tomas Balaguer epaileak beste bat baliogabetu zion. Marka hori Ladislao Kubalak berdindu zuen 1952an, Bartzelonak Sportingi 9 eta 0 irabazi zion neurketan.

Garaiko kronikek erakusten dutenez, partidako jokaldi garrantzitsuena 18. minutuan jazo zen. Athletic 2-1 irabazten ari zen, Bataren eta Goibururen golekin, eta Marti Bartzelonako jokalariak zelaia utzi behar izan zuen, zutoin batekin tupust egin eta eskuin besoa mindu ondoren.

Garai hartan ez zegoen aldaketarik egiteko aukerarik, eta, hortaz, Bartzelona jokalari bat gutxiagorekin geratu zen. Zuri-gorriek ez zuten alferrik galdu abantaila hori, eta atsedenaldira 6-1eko aldeko emaitzarekin iritsi ziren. Batak beste bi gol erdietsi zituen, eta ‘Bala Gorria’ ezizenez ezagutzen zen Gorostizak eta Lafuentek bana egin zituzten.

Bigarren zatian, etengabeak izan ziren bilbotarren erasoaldiak Llorensek defendatzen zuen atearen aurka, eta beste hiru gol heldu ziren bilbotarren alde Bataren eskutik. Markagailuak 10 eta 1ekoa islatzen zuen. Gerora, bisitarientzako zoritxarreko beste jokaldi bat gertatu zen, Roigek min hartu eta bederatzi jokalarirekin utzi baitzuen Bartzelona.

Sastrek bere atean sareratutako gol batek eta Iraragorrik sartutako beste batek 12-1ekoa ezarri zuten, hots, txapelketan indarrean jarraitzen duen marka zaharrena.

"Ez dut sekula ahaztuko futbol-arratsalde gogoangarri hau" zioen Excelsior Bilboko kirol egunkariaren kronikak. Kataluniako hiriburuko Mundo Deportivo egunkariak, berriz, "ahaztu ezinezko hondamendia" izan zela iritzi zion.

Mister Pentlandek zuzentzen zuen Athletic hark, klubeko lehen aurrealde historikoa zeukanak (Lafuente, Iraragorri, Bata, Chirri II.a eta Gorostiza), Liga eta Kopa irabazi zituen denboraldi hartan. Ligan, Racing Santanderrekin eta Realarekin berdinduta amaitu zuen 22 punturekin, baina aldeko gol gehiago izateagatik bereganatu zuen garaikurra.

Bilbotarrek 73 gol erdietsi zituzten 18 partidatan (batez beste, 4 gol baino gehiago partida bakoitzeko), hamar taldez osatutako txapelketan lortu zituen. Bartzelonari sartu zion dozena horrez gain, zazpi egin zizkion Racingi eta Alavesi, eta sei Real Madrili eta Realari.

Fitxa tekniko:

12 - Athletic Club: Izpizua; Castellanos, Urquizu; Garizurieta, Muguerza, Roberto; Lafuente, Iraragorri, Bata, Chirri II eta Gorostiza. Entrenatzailea: Frederick Pentland.

1 - Bartzelona: Llorens; Zabalo, Portas; Marti, Roig, Castillo; Piera, Goiburu, Sastre, Arnau eta Parera. Entrenatzailea: James Bellamy.

Golak: 1-0, 2. min: Bata. 2-0, 8. min: Bata. 2-1, 10. min: 3-1, 24. min: Bata. 4-1, 27. min: Gorostiza. 5-1, 36. min: Lafuente. 6-1, 37. min: Bata. 7-1, 55. min: Garizurieta. 8-1, 57. min: Bata. 9-1, 60. min: Bata. 10-1, 68. min: Bata. 11-1, 71. min: Sastre, bere atean. 12-1, 83. min: Iraragorri.

Epailea: Tomás Balaguer García (Sevilla).

Gertaerak: 1930-31 denboraldiko ligako hamargarren jardunaldiko partidan, 18.000 zale bildu ziren San Mamesen. 10 pezeta ordaindu behar izan zituzten Tribunako toki bategatik, 5 pezeta Preferentziako bategatik eta 2,5 pezeta Generaleko bategatik.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena