Itxi

Athletic Club

Celtaren aurka

Athleticek puntu bat atera du Balaidosetik (0-0)

L.E.A. | EITB MEDIA

Bilbotarrek eta galiziarrek partida grisa jokatu dute; zenbait gol aukera sortu dituzte, baina ez dute azken metroetan asmatu. Bi taldeek berdinduta jarraitzen dute sailkapenean.

0
Celta – Athletic

Vigoko Celtak eta Athleticek hutsean berdindu dute Balaidosen eta, jaitsiera postuak urrutiago dituzten arren, Europako lehia ere nahiko urrun dute. Partida oso fisikoa jokatu dute, gol aukera gutxikoa.

Marcelino Garcia Toralek aldaketak egin ditu hasierako hamaikakoan, Atletico Madrilen aurka zelairatutakoarekin alderatuta, baina horrek ez du eraginik izan taldearengan. Lehia fisikoaren alde egin dute, eta Celta lehia horretan sartu da.

Partida beste norabide bat hartzear izan da Villalibrek hirugarren minutuan izandako aukerarekin, baina Ivan Villar zuhur aritu da eta bilbotarren gola saihestu du. Celta kontraerasoan atera da, baina Santi Mina oso behartuta iritsi da azken pasera. Ondoren, beste aukera bat izan du buruarekin egindako erremate batean.

Ordu erdia bete baino lehen, bilbotarrek kontraerasoa egin dute. Berenguerrek hasi eta amaitu du jokaldia, eta bere errematea kanpora joan da, gutxigatik, zutoinaren ondotik.

Bigarren zatian, gauzak ez dira asko aldatu. Marcelinok Muniain sartu du, Raul Garciaren ordez. Zelai erdiko jokoa egin dute gehien bat, eta hor Renato Tapiak arazo asko sortu dizkie jokalari zuri-gorriei. Aspasek aukera argia izan du 87. minutuan, baina errematea kornerrera joan da Athleticeko jokalari baten gorputzean jo ostean.

Fitxa teknikoa

0-. Celta: Ivan Villar; Kevin Vazquez, Araujo (Aidoo, 84. min), Murillo, Aaron Martin; Tapia; Brais Mendez, Denis Suarez (Beltran, 76. min), Nolito (Solari, 76. min); Aspas eta Santi Mina (Ferreyra, 67. min).

0-. Athletic: Unai Simon; Lekue, Yeray, Unai Nuñez, Balenziaga; Berenguer (De Marcos, 78. min), Dani Garcia, Unai Lopez (Vencedor, 67. min), Morcillo (Ibai, 86. min); Villalibre (Williams, 67. min) eta Raul Garcia (Muniain, 46. min).