Itxi

Athletic Club

3. JARDUNALDIA

Iñaki Williamsek lehen garaipena eman dio Athletici (0-1)

EITB MEDIA

Bi berdinketa jarraian kateatu ostean, Marcelinoren taldeak hiru puntuak eskuratu ditu, aurrelari bilbotarrak kontraeraso bat baliatuta sartu duen gol bakartiari esker.

0
Celta vs Athletic: Santander Ligako laburpena, golak eta jokaldirik onenak

Athleticek denboraldiko lehen garaipena eskuratu du Celtari Balaidosen irabazi ondoren. Iñaki Williamsek lehen zatian egindako gol batekin eta defentsan egindako lan eskergari esker gailendu dira zuri-gorriak, hiru aurrelarirekin baina ideia handirik gabe jokatuz amaitu duen aurkariaren aurka.

Bilbotarrei kostatu egin zaie euren zelaitik ateratzea lehen zatian, Celtaren presio handia dela medio. Izan ere, Marcelinoren taldeak ez du duela astebete Bartzelona mendean hartu zuenaren antzik izan. Hori bai, bere burua ederto defendatzen jakin izan du. Lerroak batu ditu, eta horrek zaildu egin du etxekoen jokoa.

Hala ere, Coudeten mutilek aurrea hartu ahal izan dute lehen ordu laurdena igarota: Brais Mendezek norabide aldaketa on bat egin du Aspasentzat, eta hark, kontrol handi baten ondoren, Nolito aurkitu du. Vivianek, ordea, galiziarren aurrelariaren errematea saihestu du.

Celta nagusi izaten ari zen, baina Athleticek ere bere aukera izan du Sanceten jaurtiketa batekin. Handik gutxira gertatuko zenaren iragarpena izan da jokaldi hori. Izan ere, erdilari nafarrak baloia lapurtu di Joseph Aidoo erdiko atzelariari, haren kontrol txar baten ostean, eta lasterka zetorren Iñaki Williamsi bidali dio, hark atea zulatu zezan (34. minutua).

Etxekoek kolpea jaso dute, eta are handiagoa izan zitekeen, bigarren zatia hasi eta lau minutura, goleatzaile zuri-gorriak berriro ere sare barrura bidali baitu baloia. Aitzitik, Mateu Lahozek gola baliogabetu du VARera joan eta gero, jokaldiaren hasieran Berenguerrek Denis Suarezen aurka egindako faltagatik.

Coudetek zelai erdia freskatu du, baina bere taldeari ideiak falta zitzaizkion. Hala, zuri-gorriak izan dira bigarren gola gertuen izan dutenak, baina ez dute lortu: Aidook Iñaki Williamsen errematea saihestu baitu eta Diturok Villalibreren ahalegina oztopatu duelako.

Fitxa teknikoa:

0-Celta: Dituro; Hugo Mallo, Aidoo (Galhardo, 70. min), Araujo, Javi Galán; Tapia (Solari, 69. min); Brais Méndez, Denis Suárez (Beltrán, 64. min), Nolito (Cervi, 64. min); Aspas eta Santi Mina.

1-Athletic Club: Unai Simón; Lekue, Vivian, Iñigo Martínez, Balenziaga; Berenguer, Dani García (Vesga, 85. min), Vencedor (Zárraga, 67. min), Muniain (Nico Williams, 67. min); Sancet (Raúl García, 73. min) eta Williams (Villalibre, 85. min).

Golak: 0-1 Williams, 34. min.

Epailea: Mateu Lahoz. Txartel horiak: a Hugo Mallo (Celta); Unai Simón (Athletic).