Athletic Club
Ostegun honetan, 21:05ean
Zuri-gorriek beste balentria bat lortu nahi dute Veltins-Arenan
Erredakzioa
Nahiz eta azken partidetan emaitza txarrak lortu, bilbotarrak animatuta bidaia egin dute Alemaniara. Bestalde, Schalkek Bundesligan hiru garaipen jarraian lortu ditu.
-
Fernando Llorente Ligako partida batean. Argazkia: EFE
Schalkek Bundesligan hiru garaipen jarraian lortu ditu eta Athleticen aurkako partidara indarberrituta heldu da. Gainera, Klaas-Jan Huntelaar goleatzaile holandarra bolada onean dago eta Lewis Holtby erdilaria berreskuratu du entrenatzaileak.
Raul da taldeko liderra, eta Schalkeren alderik sendoena erasoa da. Hegaletatik arrisku handia sortu ohi du Alemaniako taldeak. Azken neurketetan ezker hegaleko jokalariek, Christian Fuchsek eta Julian Draxlerrek, gol jokaldietan parte hartu dute.
Christoph Metzelderrek eta Benedikt Höwedesek ez dute jokatzerik izango, baina Joel Matip hamaikakoan sartu ahal izango du Schalkeko entrenatzaileak, izan ere, UEFAk Twenteren kontra ikusitako txartel gorria kendu dio jokalariari.
Nahiz eta Ligako azken partidetan emaitza txarrak lortu, bilbotarrak animatuta bidaia egin dute Alemaniara.
Denboraldian zehar ematen diren une ezberdinek Ligan izandako txakalaldia eragin dutela uste du talde zuri-gorriak. Manchester Uniteden aurka emandako maila errepikatu nahi dute historian bigarrenez Europako final bat jokatzeko aukerak izateko.
Marcelo Bielsak ohiko hamaikakoa plazaratu ahal izango du, nahiz eta Fernando Llorente eta Ander Herrera arazo fisikoak izan. Biak hasierako taldean izango dira seguru aski.
Ustezko hamaikakoak:
Schalke: Hildebrand; Uchida, Papadopoulos, Matip, Fuchs; Jones, Holtby; Farfan, Raul, Draxler; eta Huntelaar.
Athletic: Iraizoz; Iraola, Javi Martinez, Amorebieta, Aurtenetxe; Iturraspe, Herrera, De Marcos; Susaeta, Muniain eta Llorente.
Epailea: Pedro Proença (POR).
Zelaia: Veltins-Arena.
Ordua: 21:05ean.