Itxi

Athletic Club

Santander Liga

Athleticek 4-0 galdu du Bartzelonaren kontra, buruan Kopa zuela

EITB Media

Talde zuri-gorria ondo egon da lehen zatian, baina ezin izan du punturik urratu Camp Nou futbol-zelaian. Aubameyangek, Dembelek, Luuk de Jongek eta Depayk egin dituzte etxekoen golak.

0
Bartzelona vs Athletic: Santander Ligako laburpena, golak eta jokaldirik onenak

Bartzelonak eta Athleticek Camp Nou futbol-zelaian neurtu dituzte indarrak Santander Ligako 26. jardunaldiko partidan. Talde zuri-gorriak asteazkenean du Valentzian Kopako partida eta hor izan du gaur burua; Bartzelonak 4-0 irabazi du.

Athletic Cluben Marcelinok aldaketa asko egin ditu burua Kopan duela erakutsiz: Iñigo Lekue, Yeray Alvarez eta Mikel Balenziaga defentsako lerroan atera dira; Oier Zarraga, Unai Vencedor eta Nico Serrano zelai-erdian eta Asier Villalibre aurrelari gisa.

Dani Alves eta Gavi izan dira Xavi Hernandezek hamaikakon jarri dituen bi jokalari berriak talde zuri-gorriaren aurka jokatzeko.

Sasoiko dagoen talde katalana erasora atera da lehen minututik eta partida erritmo handiarekin hasi da, bai alde batera, eta bai bestera. Minutuak aurrera joan ahala baloiak blaugrana kolorea hartu du eta Athleticek kontra-erasora jokatzea besterik ez du izan.

Lehen abagune ona 17. minutuan izan du etxeko taldeak. Area barruan Gaviren jaurtiketa langatik gora joan da. 32.ean Ferranek bere aukera izan du, baina Unai Simonek ondo aldaratu du baloia zutoinaren ondoan.

Azkenean lehen gola heldu da. Aubameyang aurrelariak egin du 37. minutuan (1-0) korner batean eta markagailu horrekin amaitu da lehen zatia.

Bigarren zatian Marcelinok Yeray eta Raul Garcia aldagelan utzi eta Iñigo Martinez eta Sancet zelairatu ditu, baina gauzak ez dira asko aldatu. 64. minutuan Simonek berriro Ferrani geldiketa bikaina egin dio.

67. minutuan Xavik Dembele berdegunean sartu eta bere lehen jaurtiketan 73.ean gola egin du eta 2-0ekoa jarri markagailuan partida erabakita utziz.

Athleticen aukera bakarra 85. mintuan heldu da. Sanceten jokaldi ona eta Williamsen jaurtiketa Stegenek gelditu du.

Luuk de Jong berdegunean bi minutu egon eta nahikoa izan du partidaren hirugarren gola egiteko 90. minutuan (3-0) Denbelen pase bikain batean; 93.ean Depayk beste bat egin du (4-0).

FITXA TEKNIKOA

Hamaikakoak:

Bartzelona: Ter Stegen; Dani Alves, Araujo, Pique, Dest; Sergio Busquets (86' Nico), Pedri, Gavi (67' Dembele); Adama (81' Depay), Ferran (67' Frenkie de Jong) eta Aubameyang (86' Luuk de Jong).

Athletic Club: Unai Simon; Lekue, Vivian, Yeray (46' Iñigo Martinez), Balenziaga; Zarraga (67' Nico Williams), Vencedor, Vesga, Serrano; Raul Garcia (46' Sancet) eta Villalibre (77' Iñaki Williams).

Epailea: Cuadra Fernandez.

Futbol-zelaia: Camp Nou.

Golak:

1-0, Aubameyang (37').

2-0, Dembele (73')

3-0, Luuk de Jong (90')

4-0, Depay (94')

Partidaren irudiak

Pierre Emerick Aubameyangen ospakizuna

Pierre Emerick Aubameyangen ospakizuna

Vesgaren jaurtiketa

Vesgaren jaurtiketa

Serrano eta Adama

Serrano eta Adama

Marcelino eta Xavi

Marcelino eta Xavi entrenatzaileak

Dest eta Villalibre

Dest eta Villalibre