Itxi

Athletic Club

Santander Liga

Athleticek irabazi egin dio Levanteri (3-1) eta Europarako lehian sartuta jarraitzen du

A. B. E. | EITB Media

Talde zuri-gorriak garaipena erdietsi du San Mamesen jokatu duen Santander Ligako 27. jardunaldiko partidan. Vesga, Iñaki Williams eta Zarraga izan dira Athleticeko golegileak. De Frutosek sartu du Levanteren gola.

0
Athletic vs Levante: Santander Ligako laburpena, golak eta jokaldirik onenak

Athleticek irabazi egin du Levanteren aurka (3-1) astelehen honetan San Mamesen jokatu duen Santander Ligako 27. jardunaldiko partida. Talde zuri-gorriak 40 puntu ditu, eta Realak betetzen duen (44 puntu) eta Europarako txartela ematen duen seigarren postutik lau puntura kokatu da.

Lehen zatiak erritmo bizia izan du, eta bi taldeek gola sartzeko abagune argiak izan dituzte. Hasieran Athletic egin da baloiaren jabe, eta 12. minutuan markagailuan aurrea hartzeko aukera izan du; Williams bakarrik geratu da Cardenasen aurrean, eta talde zuri-gorriko aurrelariaren errematea desbideratu egin du Levanteko atezainak. Ondoren, 24. minutuan, Unai Simon Athleticeko atezainak gehiegi itxaron du baloia hankarekin aldentzeko, eta Rogerrengan jo ostean ez da sare barrura sartu, oso gutxigatik. Lau minutu beranduago, Cardenasek Athleticen gola saihestu du, Sanceten jaurtiketari erantzun bikaina emanda. Jarraian, Miramonek atepetik atera du Iñigo Martinezek egin duen errematea.

Atsedenaldira iritsi aurretik, lehen zatiko azken 15 minutuetan, bi taldeek gola sartzeko aukera bana izan dute. Berenguerrek area kanpotik 29. minutuan egin duen jaurtiketa langara joan da Cardenasek ukitu eta gero. Levanteren erantzuna hiru minutu beranduago heldu da, baina Moralesen jaurtiketa kanpora joan da, langa jo ostean. Moralesek min hartu du 44. minutuan, ezin izan du berdegunean jarraitu, eta Bardhik ordezkatu du.

Erasokor ekin dio bigarren zatiari Bilboko taldeak, baina Berenguerrek Williamsi eman nahi izan dion pasea Duartek moztu du, talde zuri-gorriko aurrelariari errematea egitea galarazita. Athleticek albiste txarra jaso du 54. minutuan, Iñigo Martinezek min hartu eta zelaia utzi behar izan baitu. Vivianek ordezkatu du Ondarroako jokalaria.

Partidako 63. minutuan, zuri-gorriek gola sartu dute; Berenguerrek erdiraketa egin du eskuin hegaletik eta Mikel Vesgak 1-0ekoa sartu du, errematea sare barrura bidalita.

Markagailuan aurrea hartu ostean, etxeko taldea nagusi izan da, eta garaipena bideratuta utzi du 76. minutuan bigarren gola sartuta: Athleticek kontraerasoa antolatu du, pase bikaina eman dio Berenguerrek Iñaki Williamsi, eta talde zuri-gorriko aurrelariak ez du barkatu aurkariaren ate aurrean (2-0).

Neurketa kontrolpean izan du Athleticek azken txanpan. Gainera, 87. minutuan, epaileak penaltia adierazi du etxekoen alde, De Frutosek area barruan Zarragari egin dion faltaren ostean. Unai Simonek pasea eman dio Nico Williamsi, honek atzean utzi ditu aurkari guztiak, pasea eman dio Berenguerri, Nafarroako jokalariak Zarragar laga dio baloia, eta jaurtitzeko prest egon denean falta egin diote. Zarragak 3-0ekoa jarri du markagailuan, penaltiz Cardenas gaindituta.

Luzapenean, Unai Simonek erantzun bikaina eman dio De Frutosek txilenaz egin duen erremateari, baina Athleticeko atezainak ezin izan du talde bisitariaren gola eragotzi 91. minutuan; De Frutosek bikain loratu du Simonen aurrean eta gola sartu du Levanterentzat (3-1). Amaieran, Athletic irabazle.

Fitxa teknikoa:

3 - Athletic Club: Unai Simn; De Marcos, Yeray, Iñigo Martinez (Vivian, 55. min), Yuri; Berenguer, Vencedor (Petxarroman, 78. min), Vesga, Muniain (Nico Williams, 73. min); Sancet (Zarraga, 73. min) eta Iñaki Williams (Villalibre, 78. min).

1 - Levante: Cardenas; Miramon, Rober, Duarte, Caceres (Cantero, 71. min), Son (Franquesa, 84. min); Pepelu, Melero (Malsa, 71. min); De Frutos, Morales (Bardhi, 47. min) eta Roger (Dani Gomez, 84. min).

Golak: 1-0, 63. min: Vesga. 2-0, 76. min: Iñaki Williams. 3-0, 87. min: Zarraga, penaltiz. 3-1, 91. min: De Frutos.

Epailea: Alejandro Muñiz Ruiz. Txartl horia atera dio Berenguer (14. min) Athleticeko jokalariari, baita Miramon (20. min) eta Son (37. min) Levanteko futbolariei.

VAReko epailea: Iglesias Villanueva.