Itxi

Athletic Club

LALIGA

Athleticek ez ditu aukerak aprobetxatu eta berdindu egin du Valentziaren aurka

I. G. | EITB MEDIA

Bilboko taldea aurkaria baino gehiago izan da, baina punteria faltak hiru puntuak San Mamesen geratzea eragotzi du.

0
Athletic vs Valentzia: Santander Ligako laburpena, golak eta jokaldirik onenak

Athleticek hutsean berdindu du Valentziaren aurka San Mamesen, Europatik urrunduz.

Talde zuri-gorriak dena eman du partidan zehar ondo defendatu den aurkari baten aurka. Baina baita Iñaki Williamsek Giorgi Mamardashviliren aurrean huts egin dituen aukera anitzen ondorioz ere.

Eta Williams izan ez denean, bisitarien langa agertu da, 94. minutuan Asier Villalibrek Alex Berenguerren erdiraketa bat errematatu ondoren.

Markagailu honi esker, Athleticek Vila-real gainditu du sailkapenean, baina Castelloko taldeak partida bat gutxiago jokatu du. Marcelino García Toralen taldea seigarren postutik ere lau puntura dago, eta hiru jardunaldi besterik ez dira geratzen.

Marcelinoren mutilek hobeto ekin diote partidari, kontrako zelaian presioa eginez eta aurkariaren area inguratuz. Baina hurbilketa nabarmenik gabe.

Mamardashvilik Iñaki Williamsen aurrean egindako akats batek eman dio lehen aukera etxeko taldeari, baina jaurtiketa kanpora bidali du aurrelari zuri-gorriak. Beste aukera batzuk ere izan ditu Williamsek.

Nico anaiak hartu dio lekukoa Iñakiri, kornerraren ondoren, aurrealdetik gora egindako jaurtiketa batekin, Valentziaren bi erremate arriskutsuren erdian.

Aukera askoko hiru burukadatan joan zaizkio Athletici azken itxaropenak: Vesgarena, kanpora, Williamsena, Mamardashvilik gelditu duena berriz, eta Villalibrerena, argiena, langara.



Fitxa teknikoa:

0 - Athletic: Unai Simon; De Marcos (Petxarroman, 83. min), Yeray, Iñigo Martinez, Yuri; Nico Williams (Berenguer, 64. min), Dani Garcia (Vencedor, 46. min), Vesga (Zarraga, 80. min), Muniain; Raul Garcia (Villalibre, 64. min) eta Iñaki Williams.

0 - Valentzia: Mamardashvili; Thierry Correia, Foulquier, Paulista (Guillamón, 47+. min), Alderete, Jesus Vazquez; Diakhaby, Carlos Soler (Jesus Santiago, 97. min), Ilaix Moriba (Racic, 66. min); Musah (Guedes, 66. min) eta Maxi Gomez.

Epailea: Isidro Diaz de Mera Escuderos. Hugo Gillamon kanporatu du 98. minutuan, txartel hori bikoitzagatik. Gainera, txartel horiak atera dizkie Yeray (7. min), Iñaki Williams (77. min) eta De Marcos (88. min) jokalariei Athleticen aldetik, eta Diakhaby (26. min), Ilaix (53. min) eta Guillamon (71. min) bisitariei.