Itxi

Athletic Club

ERREGE KOPA

Athleticen sendotasunak Valentzia gainditu du finalerdietara igarotzeko (1-3)

I. G. | EITB MEDIA

Muniainen, Nico Williamsen eta Vesgaren golek garaipena ematen diete bilbotarrei, eta asteleheneko Errege Kopako finalerdietako zozketan egongo dira.

4:58

Athleticek laugarren urtez jarraian jokatuko ditu Errege Kopako finalerdiak, Valentzia 1-3 gaindituta, iaz finalera iristea eragotzi zion taldea.

Bi taldeak kontu handiz atera dira, ideia gutxirekin erasoan eta defentsan gehiegi zentratuz.

Baina partida aldatu egin da lehen golarekin. Diakhabyren baloi irteera txar batek Athleticen susperraldia ekarri du eta Iñaki Williamsek buruz egindako pase ona Muniainek harrapatu du lehen gola lortzeko (0-1).

Golaren ostean urduritasuna nagusitu da Valentzian. Hala ere, Diakhabyk, erasoko lanetan, jokaldi bikaina egin du area barruan, eta bigarren zutoinera erdiratu ondoren, De Marcosek bere atean sartu du, Samu Linoren errematea saihesteko asmoz (1-1).

Valentziak ez du ia berdinketaz gozatu, minutu pare bat geroago Athletic berriro aurreratu baita, Berenger eta Williams anaien artean valentziarren arean egindako erasoko ekintza on baten ostean. Iñakik Nicori eman dio 1-2koa sartzeko aukera.

Bigarren zatian, Athletic ez da emaitzarekin konformatu eta hirugarrenaren bila atera da.

Gattuso bere taldea astintzen saiatu da aldaketa hirukoitz batekin, baina ez du ezer lortu. Bere taldeak ez du ezer eman erasoan eta Athleticek penalti batekin egin du topo. VARak Cenkek Nico Williamsi ostiko argia eman diola abisatu du, Vesgak 1-3koa jarriz, ordu laurden baten faltan, kanporaketa erabakita utziz.

Fitxa teknikoa

1 - Valentzia: Mamardashvili; Foulquier, Diakhaby (Cenk, 46. min), Comert, Gaya; Guillamon (Marcos Andre, m.75), Musah (Almeida, 57. min)), Ilaix Moriba; Lino, Castillejo (Fran Perez, 57. min) eta Cavani (Hugo Duro, 57. min).

2 - Athletic: Aguirrezabala; De Marcos, Vivian, Yeray, Yuri; Herrera (Dani Garcia, 79. min), Vesga; Nico Williams (Raul Garcia, 93. min), Muniain (Sancet, 79. min), Berenguer; Iñaki Williams.

Golak: 0-1, 35. min: Muniain. 1-1, 43. min: De Marcos, bere atean. 1-2, 45. min: Nico Williams. 1-2, 74. min: Vesga, penaltiz.

Epailea: Carlos Del Cerro Grande. Txartel horia atera die Diakhaby, Moriba eta Comerti Valentziatik, etaVivian, Sancet eta Aguirrezabalari Athleticetik.