Itxi

Athletic Club

Komunikatua

Herrerak Athleticera itzuli denetik izandako giharretako 5 lesioen berri eman du klubeko osasun-zerbitzuak

EITB Media

Komunikatu baten bidez Athleticek jakinarazi du Ander Herrerak osasun-azterketa guztiak gainditu zituela klubarekin kontratua sinatu aurretik, eta goi-mailan jokatzeko gai dela frogatu zuela.

  • Ander Herrera

    Ander Herrera, Athleticeko jokalaria. Argazkia: EITB Media

Athleticeko osasun-zerbitzuak ostiral honetan, martxoaren 3an, komunikatua publikatu du klubaren webgunean Ander Herrerak taldera bueltatu denetik izandako giharretako bost lesioen berri emateko.

Herrerak Athleticekin kontratua sinatu zuenetik 2022ko abuztuaren 27an, jokalaria 17 partidatan egon da jokatzeko prest, 8 neurketa galdu ditu lesioen eraginez, eta beste baten ezin izan du parte hartu zigortuta egon delako. 

"Ander Herrera Athleticeko jokalaria min hartuta dago gaur egun, eskuin hankako erdizurdazko muskuluko lesioaren ondorioz. Sendatze prozesuarekin jarraitzen du", argitu du osasun-zerbitzuak.

Gainera, klubeko medikuek adierazi dute Herrerak Lezaman egin zizkioten osasun azterketa guztiak gainditu zituela Athleticekin kontratua sinatu aurretik eta argi geratu zela ez zuela arazo fisikorik goi-mailan jokatzeko.

Bestalde, oharrean Ander Herrerak abuztuaren 27tik gaur egunera arte (martxoak 3) izandako giharretako lesioen zerrenda publikatu dituzte:

2022/09/10: giharretako lesio arina eskuineko aduktore ertainean. 8 egun min hartuta.

2022/10/23: lesioa eskuin hankako muskulu iskiosuralean. 5 egun min hartuta.

2022/11/03: lesioa eskuineko bizeps femoralean. 20 egun min hartuta

2022/12/13: lesioa ezkerreko bizeps femoralean. 25 egun min hartuta.

2023/02/10: eskuin hankako erdizurdazko muskuluko lesioa. Jokalariak min hartuta jarraitzen du.

"Deskribatutakoak futbol profesionalean sistematikoki gertatzen diren lesio-motarik ohikoenak dira", azpimarratu du klubeko osasun-zerbitzuak.

Azkenik, Athleticek babesa eta animoak eskaini dizkio Ander Herrerari komunikatuaren amaieran, mezu honexen bidez: "Athleticetik babes eta indar guztia helarazi nahi diogu Ander Herrerari bere sendatze prozesua ahalik eta modurik onenean osa dezan. Badakigu jokalari batentzat, eta are gehiago berea bezalako konpromiso eta inplikazioa duenarentzat egoera hau zaila dela, baina familia zuri-gorriaren babes osoa du eta badakigu itzuliko dela".