Itxi

Athletic Club

Errege Kopa

Athletic, Kopako finalera

EITB MEDIA

Ernesto Valverderen taldeak Errege Kopako finalerako sailkatzea lortu du, finalerdietan Atletico Madril mendean hartuta; Athleticek, joaneko partidan 0-1 irabazi ostean, berriro ere lortu du garaipena itzulikoan, San Mamesen, aurkariari 3-0 gailenduta.

3:00
Athletic-Atletico

Athletic 2023-24 denboraldiko Errege Kopako finalerako sailkatu da, ostegunean, finalerdietan Atletico Madril kanporatuta, jokatutako bi partidak 4-0eko emaitza izan dela. Ernesto Valverderen taldeak, historian geldituko den gau batean, biribildu egin du San Mamesen Madrilen joaneko partidan lortutako garaipena; Civitas Metropolitanon 0-1 nagusitu zen Athletic, eta orain, Bilbon, 3-0 irabazi du, Iñaki eta Nico Williamsen eta Gorka Guruzetaren golei esker. Finala apirilaren 6an jokatuko dute, Cartujan, eta Mallorca izango da Athleticen aurkaria.

Arestian esan bezala, gogoan izateko moduko norgehiagoka egin du Athleticek, eta erabat merezita lortu dute zuri-gorriek final handirako txartela. Athletic sendo aritu da, azkar jokatu du, indartsu, eta garaipen ederra eskuratu du. San Mames jai ikaragarria izan da, eta harmailak lepoz bete dituzten zaleek ospakizun handia egin ahal izan dute, euren taldea Kopako finalean baitago.

Athleticek merezita lortu du garaipena, San Mamesen. Argazkia: EFE.

Athleticek merezita lortu du garaipena, San Mamesen. Argazkia: EFE.

Iñigo Lekue, azkenean, Ernesto Valverdek prestatutako hasierako hamaikakoan zelairatu da, atzealdeko ezker hegalean. Iñigo Ruiz de Galarreta eta Beñat Prados jarri ditu Athleticeko entrenatzaileak zelai erdian, eta, erasoan, Iñaki eta Nico Williamsek, Oihan Sancetek eta Gorka Guruzetak osatutako laukotearen aldeko apustua egin du talde zuri-gorriak. Atletico Madrilen aldetik, Diego Llorente zelai erdian atera du Diego Simeonek, Kokerekin eta Rodrigo de Paulekin batera.

Iñaki Williamsen gol bikaina, 13. minutuan

Testuinguru horretan, giroa ikusgarria zen San Mamesen partida hasi denean. Urduritasuna nabaria zen aurreneko jokaldietan; tentsioa antzematen zen Bilboko zelaian. Atletico Madrilek izan du lehenengo aukera, seigarren minutuan; orduan, Linok, bigarren zutoinean, eskuinetik egin dioten erdiraketa bat jaso, eta atera jaurti, baina Julen Agirrezabalak ondo gelditu du. Atletico Madril Athletic baino pixkat hobeto irten da partidara, ematen zuen Simeoneren jokalariek argi zutela zer egin nahi zuten, hasiera horretan.

Bat-batean, une horretan, 13. minutuan, Bilboko taldearen aurreneko erasoko jokaldietako batean, Nico Williams bikain sartu da ezkerretik, erdiraketa egokia egin du, eta Iñaki anaiak, area barrutik, baloiak berdegunea jo aurretik, gol ikaragarria sartu du. San Mamesek eztanda egin du, Athleticeko aurrelariak 1-0ekoa egin duenean. Zuri-gorriek, hala, bi goleko abantaila zuten, kanporaketan. Iñaki Williamsek lortutako gola benetan ikusgarria izan da, jaurtiketa bortitza egin baitu. Oihan Sancet ere ibili da ondo, jokaldiaren hasieran, baloia Nicori sakonean eman baitio.

Correak errematea egin du, ia jarraian, Atletico Madrilek ezkerretik sortutako jokaldi batean. Athletic aurkariaren oso gainean zegoen, zuri-gorriak azkar lapurtzen eta irteten ari ziren saiatzen, eta San Mameseko harmailak piztuta zeuden, partidako puntu horretan.

Atletico Madrilek baloia nahi zuen mugitu; baina Athleticek izan du beste gol aukera on bat, 27. minutuan. Goleko jokalarien rolak aldatu egin dira: Iñaki Williamsek sakondu du, eskuinetik, erdiratu, eta Nicok, area ertzetik, oso gutxigatik ez du baloia sareetara bidali. Madrilgo taldea ez zebilen eroso, Valverderen gizonen presioa estua baitzen, baina, hala ere, Atletico Madrilek kalitate handia du, eta ezinbestekoa zuen etxeko taldeak bizitasun horri eustea.

Ordu erdia beteta, partida minutu gutxi batzuetan izan da etenik, harmailan zegoen ikusle bat artatu behar izan dutelako. Jarraian berrekin diote bi taldeek jokoari. Inpresioa zen Athletic ondo kokatuta zegoela; Atletico Madril bereziki ezkerretik ari zen ahalegintzen, baina zuri-gorriak sendo izan dira atzealdean.

Iñakik Nicori, eta bigarrena egin du Athleticek

Ruiz de Galarretari txartel horia atera dio Martinez Munuera epaileak, 39. minutuan; Mario Hermosok ere bazuen, aurretik. 42. minutuan, Athleticek bigarren gola sartu du, beste jokaldi eder batean: Oihan Sancetek bikain zabaldu dio baloia Iñaki Williamsi, eskuin hegalekoa ondo sartu da areara, baloia area txikian jarri, eta Nico Williamsek barrura bota du. Beste behin, Williams anaien abiadura eta indarra izan dira giltzarria.

Atsedenaldira arte, Athleticek aldeari eusteko lan egin du buru-belarri, eta Valverderen taldeak lortu egin du hori. Bi taldeak aldageletara joan direnean, San Mames pozarren zegoen, Bizkaiko taldea 2-0 nagusitzen ari baitzen eta Kopako finala hurbilago zegoelako. Esan beharra dago Athleticek ez duela inoiz jokatu Bilbon partida honetan beste zaleren aurrean; izan ere, klub zuri-gorriak berak atsedenaldian iragarri duenez, 52 061 lagun bildu dira Bizkaiko hiriburuko futbol zelaian, eta hori marka historikoa da.

Guruzetak biribildu egin du emaitza

Bigarren zatian, Athletic oso ondo zelairatu da. Lehenengo ordu laurdenean, Oihan Sancetek eta Gorka Guruzetak aukera garbiak izan dituzte hirugarren gola sartzeko; iruindarrari oso goitik joan zaio jaurtiketa, Nico Williamsen jokaldi eder baten ostean, eta donostiarrak, aldiz, ez du gogor errematatzerik izan, area ertzetik. Azkenean, 61. minutuan, iritsi egin da 3-0koa; Guruzetak egin du, Oblaken aldaratze bat baliatuta. San Mameseko harmailak festa handia ziren, une horretan. Gero eta gertuago zuen finalerako txartela talde zuri-gorriak.

Dani Garcia, lehenengo, eta Unai Gomez eta Alex Berenguer, gerora, sartu ditu Valverdek, markagailua 3-0 zihoala, Ruiz de Galarretaren, Iñaki Williamsen eta Oihan Sanceten ordez. Partidako azken txanpan, 75. eta 78. minutuetan, Agirrezabalak bi geldiketa on egin ditu, beste behin erakutsita maila bikaina duela. Gauza bera egin du atezain errenteriar gazteak 84. minutuan, Riquelmek area barrutik egindako jaurtiketa batean.

Yeray eta Raul Garcia zelairatu dira, 90. minutua betetzear zegoela, Oscar de Marcos eta Guruzeta ordezkatuta. Zurik zeuden San Mamesen bildutako zaleak, partida amaieraren zain, helburua gauzatuta baitzuen Athleticek. Horrela amaitu da neurketa, eta, beraz, apirilaren 6an, zuri-gorriek Kopako titulua eskuratzeko asmoz jokatuko dute Sevillan.

Fitxa teknikoa

3 - Athletic: Agirrezabala; De Marcos (Yeray, 89. min), Vivian, Paredes, Lekue; Ruiz de Galarreta (Dani Garcia, 68. min), Prados; Iñaki Williams (Berenguer, 80. min), Sancet (Unai Gomez, 80. min), Nico Williams; eta Guruzeta (Raul Garcia, 89. min).

0 - Atletico Madril: Oblak; Nahuel Molina (Barrios, 54. min), Savic, Witsel, Hermoso (Reinildo, 54. min), Lino (Riquelme, 72. min); Llorente, Koke (Saul, 65. min), De Paul; Correa (Memphis, 54. min) eta Morata.

Golak: 1-0, 13. min: Iñaki Williams. 2-0, 42. min: Nico Williams. 3-0, 61. min: Guruzeta.

Epailea: Juan Martinez Munuera (Valentziako Batzordea). Athleticeko Ruiz de Galarreta, Muniain, Lekue eta De Marcos zigortu ditu, txartel horia ateraz, bai eta Atletico Madrileko Hermoso ere.

Gertakizunak: Errege Kopako finalerdietako itzuliko partida, San Mamesen. 52.061 zale izan dira zelaian, inoizko gehien.