Itxi

Eibar

Errege Kopa

Zaplaztekoa Ipuruan (2-3)

Agentziak | Erredakzioa

Momok 90. minutuan egin du kanariarren hirugarren gola eta kanporaketan aurrera egitea aldapan gora arri die armaginei.

  • Wakaso eta Lillo. Argazkia: Efe.

    Wakaso eta Lillo. Argazkia: Efe.

Las Palmasek irauli egin du Eibarrek Ipuruan irabazita izan duen partida, Errege Kopako final-zortzirenetako joaneko norgehiagokan.

Bi entrenatzaileek aldaketa ugari egin dituzte hasierako hamaikakoetan, Ligan ateratakoekin alderatuta.

Lehena gola egiten talde armagina izan da. Izet Hajrovicek ederto aprobetxatu du Verdik emandako pase bikaina, David Juncak zuzendutako kontraerasoaren ondorioz.

Banakoa sei minutu geroago egin du Aythami Artiles atzelariak, Valeronek ateratako falta bat buruarekin errematatuz.

Neurketa hautsi egin da, eta bi taldeek erasora jo dute, lotsa barik. Gauzak horrela, Eibar berriro aurretik jarri da (2-1) Saul Berjonek egindako golari esker. Pasea David Juncak eman dio.

Berdinketa eta azken kolpea

Atsedenaldiaren ostean, erritmoak behera egin du, eta hori kanariarren mesederako izan da.

Binakoa Wakasok sartu du, areaz kanpotik egindako jaurtiketa ikusgarri baten bidez.

Epaileak Izet Hajrovic eta Escalante kanporatu ditu, jokaldi ezberdinetan,  eta armaginak bederatzi jokalarirekin geratu dira.

Azken kolpea, hala ere, iristeke zegoen, eta Momok eman du, kanariarren hirugarren gola 90. minutuan sartuta.

Fitxa teknikoa

2 - Eibar: Xabi Iruretagoiena; Lillo, Dos Santos, Ekiza, David Juncà (Antonio Luna, 72. min); Eddy Silvestre (Escalante, 69. min), Adrián; Hajrovic, Verdi, Saúl Berjón; eta Borja Bastón (Sergi Enrich, 46. min).

3 - Las Palmas: Raúl Lizoain; David Simón, David García (Alcaraz, 56. min), Aythami, Javi Garrido; Roque Mesa, Culio (Vicente Gómez, 70. min); Momo, Valerón, Wakaso; eta Asdrúbal (Jeremy Betancor, 30. mi).

Goleak: 1-0. 9. min. Hajrovic; 1-1. 15. min. Aythami; 2-1. 19. min. Saúl Berjón; 2-2. 60. min. Wakaso; 2-3. 90. min. Momo.