Itxi

Eibar

LARUNBATEAN, 18:30EAN

Eibarrek Sevillaren gol jarioa eta bolada ona eten nahi du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Talde andaluziarra azken hiru norgehiagoketan 14 gol sartu ondoren iritsiko da Ipuruara.

  • Eibar. Argazkia: EFE

    Eibar. Argazkia: EFE

Eibarrek Sevillaren bisita hartuko du larunbat honetan, Ipuruan. Talde andaluziarra beldurra eragiten ari da gainerako aurkariengan, azkenaldian lortu duen gol kopuru handia dela-eta; izan ere, 14 aldiz zulatu du arerioaren atea azken hiru partidetan.

Hala ere, Jose Luis Mendilibarren mutilak gero eta sendoago agertzen ari dira etxean, eta ez dute punturik ihes egiten utzi Ipuruan jokatu dituzten aurreko bi neurketetan, Reala eta Leganes azpiratuta.

Armaginek defentsako lanean oinarritu beharko dute euren jarduna, are gehiago Sevillaren azken norgehiagokak nolakoak izan diren ikusita. Lerro horretan, Ramisek lekua izango du eta Oliverarekin batera arituko da, ziurrena. Halaber, Cucurellak hamaikakoan jarrai dezake, Espanyolen aurka Bartzelonan jokatutako partida onaren ostean.

Bere aldetik, Sevillak bere zelai "madarikatu"etako bat bisitatuko du, baina denboraldiko unerik gozoenean egingo du. Uztailaren 26an ekin zion Machinen taldeak neurketa ofizialak jokatzeari, Europa Ligako hiru atariko jokatu eta taldeen fasera sailkatzeko.

Baja askorekin bidaiatuko dute andaluziarrek (Mercado, Escudero, Aleix Vidal, Gonalons eta Amadou), baina animoz gainezka, Real Madrilen aurka eman zuten erakustaldia eta gero. Hiru garaipen daramatzate errenkadan (5-1, Standard Liejaren aurka; 2-6, Levanteri egindako bisitan eta 3-0, Real Madrilen aurrean). Aipatu emaitzekin erabat aldendu dituzte Ligako hastapenean izandako zalantzak, non hiru neurketatan ezin izan zuten golik sartu, eta galdu egin zuten Betisen (1-0) eta Getaferen kontra (0-2).

Pizkunde horretan zerikusi zuzena izan dute oso eraginkor dabiltzan Andre Silva eta Ben Yedder aurrelariak. Hamar gol sartu dituzte bien artean lehendabiziko sei jardunaldietan, horietako bederatzi azken hiru partidetan, hain zuzen ere.

Balizko hamaikakoak:

Eibar: Dmitrovic; Ruben Peña, Ramis, Olivera, Cucurella, Hervias, Diop, Escalante, Orellana, Kike Garcia eta Enrich.

Sevilla: Vaclík; Carriço, Kjaer, Sergi Gomez; Jesus Navas, Banega, Roque Mesa, Arana; Sarabia, Andre Silva eta Ben Yedder.

Epailea: Xavier Estrada Fernandez.

Futbol-zelaia: Ipurua.

Ordutegia: 18:30.