Itxi

Eibar

1-0

Eibarrek garaipena lortu du Leganesen aurka eta bolada onean jarraitzen du

Erredakzioa

Talde armaginak 1-0 irabazi du Ipuruan jokatu duen Ligako bosgarren jardunaldiko partida. Garaipen honi esker, hiru jardunaldi jarraian daramatza porrotik jaso gabe talde gipuzkoarrak.

  • Kike Garcia. Argazkia: EFE

    Kike Garcia, Leganesi sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE

Eibarrek garaipena lortu du Leganesen aurka (1-0) Ipuruan, Ligako bosgarren jardunaldiko partidan. Larunbat honetan lortutako hiru puntuei esker, 7 puntu eskuratu ditu talde armaginak lehen bost jardunaldietan.

Neurketa erritmo biziarekin eta intentsitate handiarekin hasi da, bi taldeei kosta egin zaielarik abaguneak sortzea. Oliveirak izan du etxeko taldearen lehen abagunea, baina bere jaurtiketa gora bidali du. Pixkanaka, Eibar egin da baloiaren jabe eta Leganesek ia ez du arriskurik sortu armaginen ate aurrean. Neurketako 19. minutuan Sergi Enrichen erremateak langa jo du. Leganesek lehen zatian izan duen aukera bakarra Carrilloren erremate baten bitartez iritsi da, eta Dmitrovic atezainak erantzun paregabea eman dio, gola eragozteko.

Bigarren zatiaren gidoia lehenaren antzekoa izan da, baina 51, minutuan Eibarrek gola sartu du; Sergi Enrichen erremateak langa jo du, aldaratzea Kike Garciak hartu eta sare barrura bidali du baloia, 1-0ekoa eginez.

Aurrea hartu ondoren, Pellegrino Leganeseko entrenatzaileak aldaketak egin ditu; El Zhar eta En Nesiry zelairatu ditu. Hala ere, aldaketek ez dute Madrileko taldearen jokoa hobetzeko balio izan. Eibar sendo mantendu da, eta ez dio aukerarik eman Leganesi. Azken minutuetan saiatu da Leganes area barruan baloiak jartzen, baina armaginek ez dute arazorik izan emaitzari eusteko, eta garaipena erdietsi dute.

Fitxa teknikoa:

1 - Eibar: Dmitrovic; Ruben Peña, Oliveira, Ramis, Cote (Arbilla, 88. min); Hervias (Orellana, 66. min), Escalante, Diop, De Blasis, Kike Garcia (Jordan, 72. min), Enrich.

0 - Leganes: Cuellar; Nyom, Bustinza, Siobas, Raul ; Juanfran (El Zhar, 56. min) , Gumbau, Perez, Rolan (Oscar Rodriguez, 76. min); Santos (En Nesiry, min 62), Carrillo.

Gola: 1-0, 51. min, Kike Garcia

Epailea: Melero Lopez. Txartel horiak atera dizkie Escalante (Eibar) eta Gombau (Leganes) jokalariei.