Itxi

Eibar

Atleticoren aurka (1-1)

Eibarri garaipenak ihes egin dio azken jokaldian

Erredakzioa

Talde armaginak bana (1-1) berdindu du Atletico Madrilen aurka Wanda Metropolitanoan. Enrichek sartu du 0-1ekoa 88. minutuan eta luzapenean Borja Garcesek berdindu du neurketa.

  • Dmitrovic eta Griezmann. Argazkia: EFE

    Griezmann eta Dmitrovic, Atletico Madril-Eibar partidan. Argazkia: EFE

Eibarrek bana (1-1 ) berdindu du Atletico Madrilen aurka Wanda Metropolitanoan jokatu duen Ligako laugarren jardunaldiko partida. Koltxoneroek izan dituzte abagune argienak eta gehienak, baina Eibarrek aurrea hartu du azken txanpan. Hala ere, Atleticok norgehiagoka berdindu du azken jokaldian.

Lehen zatian Atletico Madril izan da baloiaren jabe, eta talde koltxoneroak izan ditu abagune onenak. Hala ere, lehen aukera Eibarrek izan du, Cotek langara bidali duen jaurtiketa indartsu baten bitartez. Ordutik aurrera, ordea, lana pilatu egin zaio Eibarri defentsako lanean. Dmitrovic atezainak koltxoneroen lehen gola saihestu du, 13. minutuan Griezmanni buruz-burukoa irabazita. Zortzi minutu beranduago, Saulen errematea desbideratu du Dmitrovicek, erantzun paregabea emanda. Eibar taldeko atezaina protagonista izan da lehen zatian; 27. minutuan ondo itxi baitio bidea Griezmanni eta frantziarrak pasea gaizki eman du area barruan. Minutu bat beranduago, Godinek ate aurrean egin duen errematea bularrarekin aldendu du atezain armaginak. Eibarrek ia ez du abagunerik sortu lehen 45 minutuetan, baina atea hutsean mantentzea lortu du (0-0).

Bigarren zatiaren hasieran Atletico Madrilek erasora jo du, eta larri ibili da Eibar. Saulek eman du lehen abisua kanpora joan den jaurtiketa indartsu batekin; ondoren, Diego Costak abagune argia huts egin du, geroago Dmitrovicek Godinen errematea desbideratu du, baita Diego Costaren beste erremate bat ere. Gainera, Kokek ez du asmatu atepean errematatzen, gola oinetan izan duenean. Eibar, ordea, zuri-gorrien erasoei erantzuteko gai izan da, 53. minutuan Oblak atezainak gelditu duen Joan Jordanen jaurtiketa on baten ondorioz.

Minutu parekatu batzuen ostean, armaginek lerroak aurreratu dituzte, eta 65. minutuan Arbillaren jaurtiketa bortitzak langa jo du. Bi minutu beranduago, Dmitrovicek, Diego Costaren errematea desbideratu du, beste behin etxeko taldearen gola eragotzita.

Neurketako azken minutuetan bi taldeak saiatu dira garaipenaren bila jotzen. Lehiako 88. minutuan, Sergi Enrichek gola egin du Eibarrentzat (0-1), De Blasisen erdiraketaren eta pare bat erreboteren ostean, baloia sare barrura bultzatuta. Gola hartu ondoren, Atleticok abagune ona izan du, baina Dmitrovicek saihestu du koltxoneroen gola beste erantzun bikain batekin. Luzapenean, Godinek buruz egin duen errematea langara joan da. Ekinean jarraitu du Simeonek zuzentzen duen taldeak eta azken jokaldian Borja Garcesek sartu du Atleticoren gola (1-1). Etxeko taldearen golaren ostean ez da gehiagorako denborarik egon eta berdinduta amaitu da partida.

Fitxa teknikoa:

1 - Atletico Madril: Oblak; Juanfran, Gimenez, Godin, Filipe; Koke, Rodri (Borja Garces, 73. min), Saul, Lemar (Correa, 59. min); Griezmann eta Diego Costa.

1 - Eibar: Dmitrovic; Ruben Peña, Oliveira, Arbilla, Cote; De Blasis, Sergio Alvarez, Diop (Marc, 80. min), Pere Milla (Escalante, 57. min); Jordan eta Charles (Sergi Enrich, 57. min).

Golak: 0-1, 88. min: Sergi Enrich. 1-1, 94. min: Borja Garces.

Epailea: Martínez Munuera. Txartel horiak atera dizkie Koke (38. min), Godin (50. min), Charles (16. min) eta Diop (54. min) jokalariei.