Itxi

Eibar

IPURUA, 13:00ETAN

Eibarrek lehen aldiz irabazi nahi dio Real Madrili

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Ipuruan elkarren aurka jokatu dituzten aurreko lau partidetan talde zuria atera da garaile.

  • Eibarreko jokalariak Ipuruan gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

    Eibarreko jokalariak Ipuruan gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

Eibarrek Real Madril izango du aurkari larunbat honetan etxean, Ligako 13. jardunaldian. Armaginak sinetsita daude talde madrildarra lehendabizikoz azpiratzeaz, nahiz eta aurrekariak ez diren batere baikorrak, Ipuruan elkarren aurka jokatu dituzten aurreko lau partidetan talde zuria atera baita garaile.

Talde armaginak, gainera, jokalari esanguratsu asko izango ditu jokatu ezinda. Izan ere, Mendilibarrek ezingo ditu erabili Dmitrovic atezaina, Arbilla atzelaria eta Pape Diop erdilaria. Ezta aste honetan bertan beste ebakuntza bat egin behar izan dioten Pedro Leon murtziarra ere. Hutsune horiek gorabehera, entrenatzaile bizkaitarrak ez du bere jokatzeko era Solariren Real Madrilen aurka aritzeko, eta, horrenbestez, baloia Riesgok defendatuko duen atetik ahalik eta urrutien egotea bilatuko du.

Real Madrilen aldetik, berriz, bueltan izango dira zenbait izen garrantzitsu (Dani Carvajal, Raphael Varane eta Marcelo). Itxura guztien arabera, hiru jokalari horiek osatuko dute Madrilen defentsa Sergio Ramosekin batera.

Bestalde, teknikari argentinarraren bajak honako beste hauek izango dira: Keylor Navas, Nacho Fernandez, Sergio Reguilon, Mariano eta Casemiro. Azken horren hutsunea betetzeko anitzak dira aukerak, baina litekeena da Toni Kroosek bere lekua atzeratzea eta haren ordez azken bi neurketetan minuturik izan ez dituen Iscok jokatzea.

Balizko hamaikakoak:

Eibar: Riesgo; Ruben Peña, Paulo, Bigas, Cote; Orellana, Escalante, Sergio Alvarez, Cucurella; Jordan eta Enrich

Real Madril: Courtois; Carvajal, Varane, Sergio Ramos, Marcelo; Kroos, Modric, Isco; Lucas Vazquez, Bale edo Asensio eta Benzema.

Epailea: Martinez Munuera

Zelaia: Ipurua

Ordua: 13:00