Itxi

Eibar

9. JARDUNALDIA

Eibarrek lehen aldiz irabazi nahi dio Bartzelonari

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Bien artean jokatu dituzten aurreko bost neurketetan armaginek lau aldiz galdu dute (0-2, 0-4, 0-4 eta 0-2) eta behin berdindu (2-2).

  • Eibarreko jokalariak gol bat ospatzen

    Eibarreko jokalariak gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

Eibarrek Bartzelonaren bisita hartuko du larunbat honetan 13:00etatik aurrera, eta armaginak talde katalana garaitzen saiatuko dira lehen aldiz Ipuruan.

Gipuzkoarrak bolada onean iritsi ziren Ligako geldialdira, batez ere etxean, Sevillari (3-2), markagailua irauli ostean, eta Celtari (2-0) irabazi baitzioten.

Bi partidetan, Mendilibarrek ohikoa zuen 4-4-2kotik 4-3-3kora aldatu zuen eskema, taldearen bizkarrezurra indartu eta Edu Expositori askatasun gehiago eman aitortuta.

Armaginen entrenatzaileak ezin izango du Ramis zelairatu, eta Correaren parte-hartzea duda-mudakoa da, nahiz eta gainerako jokalariak jokatzeko moduan dauden.

Ipurua estadioak ere zenbait berrikuntza aurkeztuko ditu neurketa honetarako; izan ere, estreinakoz erabiliko dira bai berdeguneko belar hibridoa, bai zelaiaren izkinetako bat ixten duen harmaila txiki bat.

Bartzelonaren aldetik, Gerard Pique eta Ousmane Dembele baja izango dira zigortuta baitaude. Defentsa, txartel horiengatik, eta aurrelari frantziarra, aldiz, Sevillaren aurkako neurketan txartel gorria ikusi zuelako.

Hartara, Jean-Clair Todibo gazteak edota Samuel Umtitik aukera izango dute Clément Lengletekin batera talde katalanaren defentsako lerroan aritzeko.

Eibarrek eta Bartzelonak Ipuruan jokatuko duten seigarren partida izango da larunbat honetakoa, eta estatistikek katalanen aldeko joera garbia azaltzen dute, aurreko lehen lau partidak irabazi baitituzte (0-2, 0-4, 0-4 eta 0-2). Joan zen denboraldian, berriz, berdindu egin zuten biek (2-2) Liga itxi zenean.

Balizko hamaikakoak:

Eibar: Dmitrovic, De Blasis, Arbilla, Oliveira, Cote, Escalante, Edu Exposito, Diop, Orellana, Quique Gonzalez eta Inui.

Bartzelona: Ter Stegen, Semedo, Todibo, Lenglet, Jordi Alba; Artur, Busquets, De Jong, Ansu Fati edo Griezmann, Luis Suarez eta Messi.

Ordua: 13:00.

Futbol-zelaia: Ipurua.

Epailea: Melero Lopez.