Itxi

Eibar

3-1

Eibarrek porrota jaso du Real Madrilen aurka

Erredakzioa

Talde armaginak 3-1eko emaitzarekin galdu du Alfredo Di Stefano zelaian jokatu duen Ligako 28. jardunaldiko partida.

  • Real Madril - Eibar

    Kroosek Eibarri gola sartu dion momentua. Argazkia: EFE

Eibarrek porrota jaso du Real Madrilen aurka (3-1) Alfredo Di Stefano zelaian jokatu duen Ligako 28. jardunaldiko partida, koronabirusaren pandemiak eragin zuen geldiaren osteko lehena.

Porrot honen ostean, Eibarrek 27 punturekin jarraitzen du, jaitsiera postuan den Mallorcak baino bi puntu gehiagorekin. Real Madrilek, Bartzelona liderrarengandik bi puntura segitzen du.

Real Madrilek hasieratik baloiaren jabetza eduki nahi izan du, eta Eibar bere zelaian egon da zain. Zidanek zuzentzen duen taldea armaginen area ingurura iritsi den lehen jokaldian, 3. minutuan, Toni Kroosek 1-0ekoa sartu du, area kanpotik jaurtita eta Dmitrovic atezaina gaindituta; gol ikusgarria sartu du alemaniarrak.

Maldan gora jarri zaio neurketa Eibarri, baina armaginek erasora jo dute gola jaso ostean. Talde gipuzkoarrak 11. minutuan izan du lehen abagunea, baina Cristofororen jaurtiketa Courtoisek gelditu du. Partida joan-etorrikoa bihurtu zen, baina bi taldeetako bat ere ez da gai izan abagune argiak sortzeko. Norgehiagokako 30. minutuan, ordea, Sergio Ramosek baloia berreskuratu du, Benzemari eman dio, honek Hazardi, eta belgikarraren azken pasea Sergio Ramosek bidali du ate barrura (2-0).

Bigarren gola jasotzeak min egin dio Eibarri, eta Real Madrilen konfiantza handitu egin da. Ondorioz, 37. minutuan, Marcelok 3-0ekoa sartu du, area ertzetik egin duen jaurtiketa batekin. Atsedenaldira iritsi aurretik, Rodrygok talde madrildarraren laugarren gola sartzeko aukera izan du, baina brasildarraren errematea Dmitrovicek gelditu du, gola eragotziz.

Bigarren zatiaren hasieran desabantaila murrizteko aukera izan du Eibarrek; Courtoisek huts egin du baloia aldentzerakoan, Expositok jaso du, baina jokalari armaginaren jaurtiketa atezain belgikarrak berak desbideratu du. Geroago, 56. minutuan, Courtoisek berriro desbideratu du Expositoren jaurtiketa indartsua. Jarraian, kornerrean, Sergi Enrichek langara bidali du errematea.

Ekinean etengabe ibili da Eibar, eta saria jaso du 60. minutuan; area kanpotik egindako jaurtiketa batek Bigasengan jo du, eta Courtois atezaina gainditu du (3-1). Aldeak murriztea lortu ostean ere, armaginek erasokor jarraitu dute, eta, 68. minutuan Real Madrileko atezainak Eibarren gola eragotzi du, Pedro Leonen erremateari erantzun bikaina emanda.

Azken minutuetan, Real Madrilek Eibarren bizitasuna moteltzea lortu du, partida berriro kontrolpean izan du, eta hiru puntuak lortu ditu etxeko taldeak. Bestalde, Eibar punturik gabe bueltatu da Di Stefano zelaitik.

Fitxa teknikoa:

3 - Real Madril: Courtois; Carvajal (Mendy, 46. min), Varane, Sergio Ramos (Militao, 61. min), Marcelo; Casemiro, Modric (Valverde, 84. min), Kroos; Rodrygo (Bale, 61. min), Hazard (Vinicius, 61. min) eta Benzema.

1 - Eibar: Dmitrovic; Rober Correa, Oliveira, Arbilla (Burgos, 84. min), Rafa Soares (Bigas, 57. min); Sergio Alvarez, Edu Exposito, Cristoforo; Orellana (Pedro Leon, 57. min), De Blasis (Inui, 78. min) eta Kike García (Sergi Enrich, 57. min).

Golak: 1-0, 4. min: Kroos. 2-0, 30. min: Ramos. 3-0, 37. min: Marcelo. 3-1, 60. min: Pedro Bigas.

Epailea: Cuadra Fernandez. Txartel horiak atera dizkie Casemiro (47') Real Madrileko jokalariari eta Cristoforo (93') Eibar taldeko futbolariari.