Itxi

Eibar

Gaur, 19:30ean

Eibar, geldialdiaren osteko lehen garaipenaren bila

Agentziak | Erredakzioa

Jose Luis Mendilibar armaginen entrenatzaileak harmailetatik ikusiko du berriro lehia, Athleticen aurkako euskal derbian txartel gorria ikusi eta bi neurketako zigorra jaso eta gero.

  • Lehen itzuliko Valentzia-Eibar partidaren irudia

    Lehen itzuliko Valentzia-Eibar partidaren irudia. Argazkia: Efe.

Eibar eta Valentzia aurrez aurre izango dira ostegun honetan, Ipuruan (19:30), Santander Ligako 31. jardunaldian. Etxekoek lehen garaipena lortu nahi dute liga txapelketa berriro martxan jarri zenetik, jaitsiera postuetatik aldentzeko asmoz.

Gipuzkoarrek beherantz begiratzen duten bitartean, Valentziak Europa Ligako postuetara iristea du helburu, puntu bakarrera baititu.

Eibar behetik gora doala dirudi: lehendabizi, galdu egin zuen Valdebebasen, Real Madrilen aurka (3-1); ondoren, partida ona egin zuen Athleticen aurka (2-2); eta jarraian, berdindu egin zuen, berriro, Getaferen etxean (1-1).

Jose Luis Mendilibar armaginen entrenatzaileak harmailetatik ikusiko du berriro lehia, Athleticen aurkako euskal derbian txartel gorria ikusi eta bi neurketako zigorra jaso eta gero. Beraz, Andoni Azkargorta, taldeko bigarren teknikaria, egongo da berriz aulkian.

Getaferen aurka ondo jokatu zuenez, oso litekeena da aldaketa gehiegirik ez egotea Valentziaren aurka jokatuko duen hamaikakoan; izan ere, Mendilibarrek ondo zaindu du bere gizonen egoera fisikoa, eta Arbilla eta Ivan Ramis bakarrik daude jokatu ezinik.

Valentziari dagokionez, taldea lasaiago dago aurreko jardunaldian Osasunaren aurka hiru puntuak lortu ostean, etenaldiaren osteko lehen bi partidetan berdinketa bat eta porrot bat jaso ondoren. Gainera, nafarren aurka, aurreko 10 partidetan ez bezala, ez zuten golik jaso.

Balizko hamaikakoak:

Eibar: Dmitrovic, Correa, Bigas, Oliveira, Cote, Escalante, Pape Diop, Pedro León, Orellana, Kike eta Charles.

Valentzia: Cillessen, Wass, Guillamón edo Mangala, Paulista, Gayà; Ferran edo Carlos Soler, Kondogbia, Parejo, Guedes, Rodrigo eta Maxi Gómez.

Epailea: Jaime Latre.

Futbol-zelaia: Ipurua (19:30).