Itxi

Eibar

Komunikatu ofiziala

Mendilibarrengan "erabateko konfiantza" duela adierazi du Eibarrek

A. B. | EITB Media

Klubak ohar ofiziala publikatu du gizonezkoen lehen taldeko entrenatzaileari babesa eskaintzeko.

  • Jose Luis Mendilibar

    Jose Luis Mendilibar, Eibar taldeko entrenatzailea. Argazkia: EFE

Eibarrek Jose Luis Mendilibar entrenatzailearengan "erabateko konfiantza" duela iragarri du astearte honetan, klubeko Administrazio Kontseiluak publikatu duen komunikatu ofizialaren bidez.

"Emaitzak behar bezain onak ez diren arren, Kontseilu honek Mendilibarren eta bere lan taldearen jardunean eta konpromiso zintzoan sinesten jarraitzen du, baita gizonezkoen lehen taldea osatzen duten 23 jokalarienean ere. Halaber, argi du lanak fruituak emango dituela, eta hurrengoa taldearen zortzigarren denboraldia izango dela Lehen Mailan", adierazi du klubak, ohar ofizialean.

"Azken aste hauetan kirol-zuzendaritzarekin, teknikariekin eta jokalariekin elkarrizketak eta bilerak izan ondoren, alde guztien konpromisoa erabatekoa da. Kontseilu honek erabateko konfiantza du taldeak mailari eustea lortuko duela", gaineratu du Administrazio Kontseiluak.

Taldea jaitsiera postuetan dago, baina kluba egoera zailagoetan egon dela azpimarratu nahi izan dute: "Sailkapenari erreparatuz, egoera zaila da, baina hau ez da inondik inora gure historiako unerik zailena. Ziur gaude, guztion artean, eta gure zaleen ohiko laguntzarekin, 2014an hasitako ametsak bizirik iraungo duela".

"Denok batera lortuko dugu! Aupa Eibar! Gora Eibar!", esaldiarekin eman diote amaiera ohar ofizialari.