Itxi

Osasuna

Hauteskundeak

Osasunako hauteskundeak abenduaren 14ean izango dira

Erredakzioa

Behin Valladoliden aurkako partidaren data jarrita, Nafarroako taldearen presidentetzarako eta zuzendaritza-batzorderako hauteskundeen data ere ezagutzen da.

Osasunak badu presidentetza eta zuzendaritza-batzordea hautatzeko eguna: abenduaren 14a, Valladoliden aurkako partidarekin batera, Sadarren.

Lehenengo eta bigarren deialdiak hutsik geratu ostean hautagairik ez egoteagatik, hirugarrena eta azkenaren data, estatutuek ezarrita, Adelante Ligako 17. jardunaldiaren arabera zehaztu da.

Soilik bi hautagai baino gehiago egotekotan egingo dira hauteskundeak. Klubaren egoera ekonomikoak eta hartzekodunen konkurtsoan sartzeko aukerak hautagaitzak geldiarazi zituzten lehenengo bi deialdietan, baina oraingoan norbait aurkeztea espero da, zorraren auzia laster konponduko omen delako.

Azaroaren 27an bukatuko da hautagaitzak aurkezteko epea, baina lehenago, azaroaren 13an, ezohiko batzarra izango da, bazkide konpromisarioei Nafarroako Gobernuari aurkeztutako Lege Forala berresteko eskatzeko.

Oraingoan, kandidatuek ez dute abalik aurkeztu behar hautagai ofizial bihurtzeko. Aurreko deialdiak hautagaitzarik gabe bukatu ziren, zenbait saiakera lotsati egon ziren arren; Luis Sabalzarena, kasu.