Itxi

Osasuna

123 LIGA

Osasunak galdu egin du Tenerifen, bi goleko errenta izan duen arren (3-2)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Arrasateren mutilak 0-2 irabazten joan dira atsedenaldira, baina etxeko taldeak markagailua iraultzeko gai izan da partidaren azken ordu erdian.

  • Osasunak galdu egin du Tenerifen

    Osasunak galdu egin du Tenerifen. Argazkia: @Osasuna

Osasunak galdu egin du ostiral honetan Teneriferen kontra (3-2), 123 Liga txapelketari zegokion 31. jardunaldiko partidan. Norgehiagokaren lehen ordubetean ikusitakoaren arabera, bazirudien Bigarren Mailako liderrak beste garaipen bat eskuratuko zuela, lehen zatian bi goleko errenta eskuratuta joan baita aldageletara. Alabaina, Robert Ibañez eta Brandon Thomasek sartutako golak ez dira nahikoa izan hiru puntuak Iruñera eramateko.

Neurketaren hastapenetan eta 25 minutura iritsi bitartean, Tenerife gehiago nabarmendu da; hala ere, Jagoba Arrasatek entrenatzen duen taldea izan da markagailuan aurretik jarri dena bi kontraerasori aparteko etekina atera ostean.

Lehendabizikoan, Robert Ibañez izan da golegilea, Ruben Garciak area barruan orpoz utzitako baloi zoragarri bat ezin hobeto aprobetxatuta. Handik gutxira, bigarrena iritsi da, Brandonek zelai erdian baloia lapurtu ondoren bere kabuz gauzatu duen jokaldi batean. Lehendabizikoan zein bigarrenean, ez da finegi aritu Alberto etxekoen atzelaria.

Bigarren zatiaren hasieran, gorritxoak gehiago izan dira, eta beste golen bat egiteko abaguneak izan dituzte. Haatik, Tenerife indarge zegoela ematen zuenean, Unai Garciak bere atean sartu du gola buruz, ez baitu baloia egoki urruntzen asmatu Coniglio aurkariaren presioaren aurrean.

Etxekoen gola ezustean etorri den arren, Osasuna ez da atzean sartu, eta hirugarrenaren bila jarraitu du. Hala, Nacho Vidalek ez du urrun izan, baina bere jaurtiketa kanpora joan da gutxigatik.

Nafarrek norgehiagoka erabakita utzi ez dutenez, kanariarrek bultzatu egin dute berdinketaren bila, eta 79. minutuan saria jaso dute. Berdinketarekin konforme ez, eta handik lau minutura garaipena eman dien gola erdietsi dute. Gol bien egilea Isma Lopez ezker hegaleko nafarra izan da.

Fitxa teknikoa:

3 - Tenerife: Dani Hernandez, Luis Perez, Alberto, Dos Santos, Isma Lopez, Suso (Carlos Ruiz, 86. min), Luis Milla, Undabarrena, Montañés (Malbasic, 69. min); Borja Lasso (Naranjo, 54. min) eta Coniglio.

2 - Osasuna: Sergio Herrera, Nacho Vidal, David Garcia, Unai Garcia, Clerc, Roberto Torres, Luis Perea (Xisco, 84. min), Fran Merida, Rober Ibañez (Kike Barja, 82. min); Rubén Garcia eta Brandon.

Golak: 0-1, 25. min: Rober Ibañez. 0-2, 27. min: Brandon. 1-2, 62. min: Unai Garcia, bere atean. 2-2, 79. min: Isma Lopez. 3-2, 83. min: Isma Lopez.

Epailea: Ignacio Iglesias Villanueva. Marcos Chena etxekoen prestatzaile fisikoa bota du kalera (47. min). Txartel horiak: Dani Hernandez, Dos Santos, Luis Perez eta Coniglio (Tenerife); Fran Merida eta Unai Garcia (Osasuna).