Itxi

Osasuna

Zigor-proposamena

Biolentziaren Aurkako Batzordeak Sadar bi hilez ixtea proposatu du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Horrez gain, 200.00 euroko isuna ezarri nahi dio talde gorritxoari, Indar Gorriko kideei 'sarrerak emateagatik'.

  • Sadar futbol-zelaia

    Sadar futbol-zelaia. ETBren bid batetik ateratako irudia.

Biolentziaren Aurkako Batzordeak Osasunari zigor bikoitza ezartzea proposatu du: batetik, Sadar futbol-zelaia bi hilabetez ixtea; bestetik, 200.000 euroko isuna jartzea.

Batzordeak argitaratutako oharrean jasotzen denez, klub gorritxoak "kortesiazko sarrerak eman zizkien Indar Gorriko zenbait kideri urtarrilaren 12an jokatu zen Las Palmas-Osasuna (4-1) norgehiagokarako".

"Ez dauka inolako oinarririk"

Osasunak, bere aldetik, ohar bat argitaratu eta ukatu egin du Indar Gorriri inongo sarrerarik eman izana. Horrez gain, akusazio horren aurka egiteko "dagokion instantziara" joko duela azaldu du talde gorritxoak.

Aipatu oharrean agertzen denez, Osasunak, bere segurtasun arduradunaren bitartez, zerrenda bat osatu ohi du sarrerak jasotzen dituzten pertsona ororen izen-abizen eta NAN zenbakiarekin, "eta Las Palmasen aurkako norgehiagoka ez zen salbuespena izan".

Iruñeko taldeak baieztatu duenaren arabera, gainbegiratu egin zuen sarrerak jaso zituen pertsona bakoitzaren nortasuna. "Horietako inork ez zeukan zigorrik edota inolako debekurik indarrean, eta ez ziren ageri Ligan edota Polizia nazionalak bidalitako zerrendetan", zehaztu du klub nafarrak.

Hori dela eta, Osasunaren ustetan, Biolentziaren Aurkako Batzordeak egindako zigor-proposamenak "ez dauka inolako oinarririk".