Itxi

Osasuna

Kontratu-berritzea

Jagoba Arrasatek kontratua berritu du Osasunarekin, 2022ra arte

Erredakzioa

Entrenatzaile bizkaitarrak 2022ko ekainaren 30era arte luzatu du talde gorritxoarekin lotzen duen kontratua.

  • Jagoba Arrasate. Argazkia: CA Osasuna

    Jagoba Arrasate, Osasunako entrenatzailea. Argazkia: CA Osasuna

Osasunak eta Jagoba Arrasatek akordioa itxi dute entrenatzaile bizkaitarraren kontratua berritzeko 2022ko ekainaren 30era arte. Aldi berean, epe muga berdinera arte berritu dute Bittor Alkiza bigarren entrenatzaileak eta Sergi Perez prestatzaile fisikoak.

Astearte honetan, Jagoba Arrasatek prentsaurrekoa eskainiko du Sadarren, Luis Sabalza Osasunako presidentearekin eta Braulio Vazquez kirol zuzendariarekin batera.

Jagoba Arrasate Elustondo (1978ko apirilaren 2a; Berriatua, Bizkaia) 2018ko ekainaren 20tik da Osasunako entrenatzailea. 516 egun karguan eman ondoren, taldea Lehen Mailara igotzea, Bigarren Mailako txapelketa irabaztea eta maila gorenean denboraldi hasiera aparta egitea lortu du. Ligan, etxean jarraian galdu gabeko neurketen marka apurtu du, 31 partidarekin; horietatik 27, Arrasate entrenatzaile karguan egon delarik. Gainera, Arrasate Osasunara heldu zenetik, taldeak jokoan izan dituen 165 puntuetatik , 106 eskuratu ditu.

Jokalari gisa Bigarren B Mailako eta Hirugarren Mailako euskal taldeetan jokatu ostean, Jagoba Arrasate bere herriko Berriatuko taldea entrenatzen hasi zen. Handik, Elgoibar taldera joan zen. Lortutako emaitzek Realaren ateak ireki zizkioten. Horrela, 2012-2013 denboraldian Phillippe Montanierren laguntzaile izan zen talde txri-urdinean. Hurrengo denboraldian (2013-2014) lehen taldeko entrenatzaile kargua hartu zuen, eta sasoi aparta osatu zuen. Iruñeko taldera heldu aurretik, hiru urtez izan zen Numantziako entrenatzailea.

Orain, Jagoba Arrasatek Osasuna zuzentzen jarraituko du, taldea Santander Ligan mantentzeko helburuarekin.