Itxi

Osasuna

3. JARDUNALDIA

Osasunak 2-3 garaitu du Cadiz luzapenean lortutako bi golekin

EITB MEDIA

90. minutuan galtzen ari ziren neurketa irauli dute gorritxoek. Partidako bost goletatik hiru penaltiz iritsi dira, area barruan baloia eskuarekin jotzeagatik.

0
Cadiz vs Osasuna: Santander Ligako laburpena, golak eta jokaldirik onenak

Osasunak 2-3 irabazi dio Cadizi igande honetan, Mirandilla Berria estadioan jokatu duten partidan. Gorritxoak galtzen zihoazen 90. minutuan, baina penalti bat eta korner jaurtiketa bat baliatu dute markagailua iraultzeko.

Cadizek aurrea hartu du lehen zatian, Alex Fernandezen bidez. Etxekoen jokalariak bigarren zutoinean errematatu du Salvador Sanchez 'Salvi'ren erdiraketa (17. min).

Bigarren zatian, norgehiagoka zoratu egin da minutu gutxiren buruan, epaileak bi penalti adierazi baititu ia bata bestearen atzetik, biak ere baloia area barruan eskuz jotzeagatik. Lehenengoa Carlos Akapok egin du, eta Kike Garciak behin-behineko berdinketa eman dio talde gorritxoari (60. min). Handik gutxira, David Garcia atzelari nafarrak antzeko arau-hauste bat egin du, eta Alex Fernandezek gaueko bere bigarren gola egin, eta Cadiz aurretik jarri du berriro (65. min).

Dena den, epaileak beste penalti bat adierazi du Cadizen arean, partida luzapenean sartuta zegoenean, hori ere jokalari batek baloia eskuz jotzeagatik. Cala izan da Kike Garciaren errematea eskuz oztopatu duena. Roberto Torresek hartu du penaltia jaurtitzeko ardura, eta beti bezain eraginkor agertu da (91. min).

Partida puntu banaketarekin amaituko zela ematen zuenean, Jagoba Arrasateren mutilek garaipenaren gola erdietsi dute 95. minutuan, David Garciak korner batean buruz baloia sare barrura bidalita.

Fitxa teknikoa:

2 - Cadiz: Ledesma; Akapo, Haroyan (Cala, 46. min), Fali, Espino; Alarcón, Carcelén, Salvi (Osmajic, 78. min), Álex Fernández; Lozano (Perea, 46. min) eta Negredo (Andone, 67. min).

3 - Osasuna: Herrera; Vidal, Aridane, David García, Sánchez (Cote, 87. min); Oier (Ibáñez, 73. min), Torró (Barbero, 87. min), Brasanac, Javi Martínez (Ávila, 60. min); Kike García eta Rubén García (Torres, 73. min).

Golak: 1-0, 17. min: Álex Fernández. 1-1, 60. min: Kike García, penaltiz. 2-1, 65. min: Álex Fernández, penaltiz. 2-2, 91. min: Torres, penaltiz. 2-3, 95. min: David García.

Epailea: Cordero Vega. Txartel horiak: Lozano, Haroyan eta Fali (Cádiz).