Itxi

Osasuna

Santander Liga

Osasunak puntu bat lortu du Mallorcaren zelaian (0-0), azken 25 minutuak hamar jokalariren aurka aritu ostean

EITB MEDIA

Jagoba Arrasateren gizonek berdinketa baliotsua erdietsi dute, arerio zuzen baten etxean, eta Europako postuetatik oso gertu jarraitzen dute. Mallorca bigarren zatian geratu da gizon bat gutxiagorekin, eta Osasuna garaipenaren bila ibili da azken minutuetan.

  • Lucas Torro, atzealdean sendo, Son Moixeko partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

    Lucas Torro, atzealdean sendo, Son Moixeko partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

Osasunak puntu bat lortu du Mallorcan ostiral gauean, Santander Ligako 27. jardunaldiaren lehen partidan, Son Moix futbol zelaian 0-0 amaituz. Jagoba Arrasateren gizonek berdinketa baliotsua erdietsi dute, kontuan izanik Javier Aguirre gorritxoen entrenatzaile ohiak zuzentzen duen Mallorca Osasunaren arerio zuzena dela, eta Europako postuetatik oso gertu jarraitzen dutela; etxeko taldeak gizon bat gutxiago zuela jokatu du azken 25 minutuetan, eta Osasuna garaipenaren bila ibili da azken minutuetan, baina ezin izan du golik sartu eta markagailuan ez da aldaketarik izan.

Mallorca-Osasuna partidaren laburpena

Osasunak ateratako emaitza, hala, bi ikuspegitik aztertu ahal da: alde batetik, merituko puntua da, etxetik kanpo bereganatuta gainera, ondo borrokatuta, Ligako talde onenetako batzuek garaipenik lortu ez duten zelai batean; bestalde, egia da ere Nafarroako taldeak aukera ona izan duela hiru puntuak eskuratzeko, Mallorcak hainbat minututan jokatu baitu hamar jokalarirekin.

Arrasateren futbolariei gola sartzea kostatzen ari zaie. Abdek urrezko bat sartu zuen Kopako finalerdiko joaneko partidan, eta horixe izan da, hain zuzen, orain arteko azkena, Osasunarentzat. Ondorengo lau partidetan (Celta eta Vila-real Sadarren, eta Valentzia eta Mallorca bisitari gisa), Iruñeko taldeak ezin izan du golik egin, eta, ondorioz, azken hamabi puntuetatik soilik bi irabazi ditu. Gola izan liteke, beraz, Osasunaren oztopo Nagusia une honetan, baina taldeak abagune bikaina du asteartean, San Mamesen, finalerdia erabakiko duen neurketan, bolada horri modurik onenean emateko amaiera.

Lehen zatian, Mallorcak Osasunak baino arrisku handiagoa sortu du, baina jokoa, oro har, parekatua izan da. Talde gorritxoari dagokionez, hasierako hamaikakoan gehienetan egoten diren hainbat jokalari ez zeuden berdegunean, baina Arrasateren gizonek ez dute arazorik izan norgehiagokaren lehen minutuetan jokoa kontrolpean izateko. 20. minututik aurrera, baina, zailtasun handiagoa izan du Osasunak; Mallorca, Dani Rodriguezek, Maffeok eta Muriquik bultzatuta, Sergio Herreraren areara gerturatzen hasi da, Ruiz de Galarretak zelai erdian ondo zuzenduta, halaber. Horrela, Maffeok, 22. minutuan, kanpora joan zaion jaurtiketa batean, Muriqik, burukada baten bidez, 24.ean, eta Muriqik berak, Kang-in Leek ezkerretik egindako erdiraketa batetik oso gertu geratu denean, gola sartzeko aukera izan dute. Nafarroako taldeak, nolanahi ere, eutsi egin dio, eta markagailuan hasierako 0-0ekoa zegoela iritsi da atsedenaldia.

Bigarren zatia erritmo geldoa zuela hasi da; ematen zuen, atsedenaldiaren ostean, bi taldeei jarraipena falta zitzaiela jokaldiak egiteko. Argi zegoen, hortaz, zerbait jazo behar zela, Mallorcak eta Osasunak aurrera egin zezaten, erasora jotzeko azken finean, eta 69. minutuan gertatu da hori: pase sakon bat baliatuta, Ruben Garciak aurrea hartu dio Copete Mallorcako jokalariari, eta azken horrek heldu egin dio, Osasunako futbolaria Rajkovicen atera zihoala. Diaz de Merak ez du zalantzarik izan, eta txartel gorria erakutsi dio Copeteri. Eztabaidatu liteke ea Ruben Garciak, jokaldiaren hasieran, faltarik egin dion Mallorcako atzelariari, baina hori ere ez dago batere argi.

Gizon bat gehiago zuela, Osasunak presio handiagoa sartu du, eta Mallorcaren areara gehiago hurbildu da; etxeko taldea, baina, sendo ibili da atzealdean, minutu horietan. Partidaren gakoa 89. minutuan egon zitekeen, Osasunak hiru gol aukera argi izan dituenean; Abdek bi aldiz jaurti du, eta Moncayolak beste bat, baina Rajkovic bikain ibili da eta Abderen erremateetako bat kanpora joan da.

Ondorioz, Kopa du jomugan orain Osasuna, Son Moixeko neurketa amaituta. Historia egitea dute helburu gorritxoek, finalera bueltatzeko txartela lortu ahal baitute, 18 urteren buruan. Athleticek joaneko emaitza irauli beharko du, Bilbon, hori saihesteko.

Fitxa teknikoa

0-Mallorca: Rajkovic; Maffeo, Gio González, Raillo, Copete, Jaume Costa; Baba, Ruiz de Galarreta, Dani Rodriguez (Antonio Sanchez, 82. min); Kang In Lee (Matija Nastasic, 75. min); Muriqi (Kadewere, 75. min).

0-Osasuna: Sergio Herrera; Nacho Vidal (Diego Moreno, 86. min), Juan Cruz, Unai Garcia, Aridane; Pablo Ibañez (Abde, 76. min), Torro (Jon Moncayola, 67. min), Aimar Oroz (Moi Gomez, 67. min), Rubén Garcia (Kike Garcia, 86. min), Budimir, Kike Barja.

Epailea: Diaz de Mera (Gaztela-Mantxa). Jose Copete kanporatu du, zuzeneko txartel gorria ateraz. Jokalari hauek zigortu itu txartel horia erakutsiz: Baba, Ruiz de Galarreta, Giovanni González, Kang In Lee, Raillo Angel Rodriguez eta Jaume Costa, Mallorcan, eta Nacho Vidal eta Ante Budimir, Osasunan.