Itxi

Osasuna

Itzuliko partida

Osasunak itxaropentsu helduko dio Brujasen aurkako itzuliko partidari

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Gorritxoen 1.000 zale baino gehiago izango dira Brujasen kontrako neurketa bertatik bertara ikusten. Horrez gain, zuzenean ikusi ahal izango da ETB1en eta eitb.eus-en.

  • Brujas - Osasuna

    Brujas - Osasuna

Osasunak baikortasunez egingo dio aurre ostegun honetan Brujasen aurka jokatuko duen Konferentzia Ligako itzuliko partida, joaneko emaitzari (1-2) buelta emateko asmoz. Neurketa zuzenean ikusteko aukera eskainiko du EITBk, ETB1en eta eitb.eus-en.

Aste gorabeheratsua izan da osasunazaleentzat, osteguneko joanekoa galdu ostean; izan ere, garbi geratu zen taldeari esperientzia falta zaiola halako txapelketetan. Dena den, Jagoba Arrasatek itxaropenari eutsi nahi izan zion partidaren amaieran, eta garbi utzi zuen ez zutela amore emango.

Igandean Valentzian lortutako garaipenak bultzada eman dio Osasunari, Belgikan jokatu beharreko neurketarako. Gorritxoak estu ibili ziren partidako azken minutuetan, Mestallan, baina gola sartu zuten 95. minutuan. Nacho Vidalek, lesioa gaindituta, 1-2koa egin zuen, eta, beraz, Nafarroako taldeak sei puntu ditu Ligan dagoeneko.

Emaitza horren ondorioz, Osasunaren aldarteak hobera egin du. Aurreneko partidan, Sadarren, Brujasek argi utzi zuen ez duela gehiegirik behar mina eragiteko; hortaz, Iruñeko taldeak sendotasuna erakutsi beharko du atzealdean, eta erasoan, ordea, astintzeko beharra du.

Aurrealdeko gizonek ezin dute huts egin, Brujasek aukera gutxiago izatea nahi badute. Osasunak bost gol egin ditu orain arte 2023-24 denboraldian; Athleticen aurka ez zuen golik sartu (0-2 galdu zuten gorritxoek), eta Celtari eta Valentziari, ordea, bina egin zizkien. Konferentzia Ligan, Chimy Avilak lortu zuen Nafarroako taldearen gola.

1.000 zalek baino gehiagok bultzatuko dute Osasuna Jan Breydel futbol zelaiko harmailetatik. Hamasei urte dira talde gorritxoak Europako txapelketa batean azkenengoz jokatu zuela, eta, beraz, ikusmina handia da zaleen artean. Autoz, autobusez, hegazkinez edo trenez bidaiatuta, Iruñeko klubeko zaleek ez dute taldea bakarrik utzi nahi izan.

Aldaketak egon litezke, hasierako hamaikakoan

Ohi bezala, Arrasatek hainbat aldaketa egingo ditu hamaikakoan, Valentziako partidarekin alderatuta. Atepean, Sergio Herrera eta Aitor Fernandez lehia bizian dabiltza, ea nor izango den titularra; Herrera bikain aritu zen Mestallan, eta baliteke hasierako taldean sartzea. Juan Cruz Mojicaren ordez atera liteke, eta zelai erdian ematen du Torro, Moncayola eta Moi Gomez zelairatuko direla.

Erasoan, Budimirrek atsedena hartu zuen Valentzian, eta, ondorioz, baliteke hasieratik aritzea. Chimy Avilak, zigortuta, ez zuen Mestallan jokatu, baina dagoeneko argi utzi du gola sartzeko erraztasuna duela; hortaz, horrek ere lekua izan lezake hamaikakoan. Ez dago baztertzerik, halaber, Arnaiz, Ruben Garcia edo Barja ere hasierako hamaikakoan egotea.

Zale askok Pablo Ibañez zelairatzea nahi dute. Ibañez oso ondo ibili zen Valentzian, eta beti ematen die arnasa taldekideei, fisikoki erdilari oso indartsua baita.

Brujasek ez zuen partidarik izan asteburuan, eta atseden hartuta iritsi da Osasunaren aurkako neurketa honetara. Ronny Deilaren taldeak alde izango du, gainera, zaleen babesa; ohi legez, giro bikaina izango da bertan.

Belgikako taldeak abantaila du, baina gol batekoa baino ez; hala, etxeko taldea ere golaren bila abiatuko da, seguru. Antonio Nusa gaztea hamaikakoan sar liteke; 18 urteko jokalari norvegiarra bikain dabil, eta trebetasun handia du aurkarien atzealdean zuloak zabaltzeko.

Jagoba Arrasatek 24 jokalari deitu ditu partidarako: Sergio Herrera, Aitor Fernandez, Valencia, Nacho Vidal, Juan Cruz, Unai Garcia, David Garcia, Areso, Peña, Mojica, Catena, Herrando, Torro, Moncayola, Aimar, Barja, Ruben Garcia, Moi Gomez, Ibañez, Muñoz, Chimy Avila, Budimir, Arnaiz eta Raul.

Balizko hamaikakoak:

-Brujas: Mignolet; Buchanan, Mechele, Spileers, De Cuyper; Onyedika, Vanaken, Vetlesen; Olsen, Thiago, Zinckernagel.

-Osasuna: Sergio Herrera; Peña, Catena, David Garcia, Juan Cruz; Torro; Chimy Avila, Moncayola, Moi Gomez, Arnaiz; Budimir.

Epailea: Benoit Millot (Frantzia)

Futbol zelaia: Jan Breydel

Ordua: 20:30

Gakoa: Atzealdean sendo ibiltzea

Datua: Osasunak jokalari guztiak ditu eskuragarri