Futbola
EA Sports Liga 2025-2026
Levante, Valentzia, Sevilla eta Real Madril, euskal taldeen aurkariak EA Sports Ligako 1. jardunaldian
EITB Media
Estreinako jardunaldiko Alaves-Levante eta Reala-Valentzia partidak abuztuaren 16ko 21:30ean jokatuko dira. Hilaren 17an Athleticek Sevillaren kontra jokatuko du, eta Real Madril-Osasuna neurketa abuztuaren 19an izango da.
-
2024-2025 denboraldiko Osasuna vs Real Madril partidako irudia. Argazkia: EFE
Levante, Valentzia, Sevilla eta Real Madril izango dira Alavesen, Realaren, Athleticen eta Osasunaren aurkariak hurrenez hurren, EA Sports Ligako 1. jardunaldian.
Abuztuaren 16an, larunbatean, Alaves-Levante eta Reala-Valentzia neurketak jokatuko dira, biak ala biak 21:30ean, Mendizorrotzan eta Anoetan hurrenez hurren.
Arabako taldearen aurkaria maila gorenera itzuliko da, eta denboraldiaurrean amaitza onak lortuta helduko da Mendizorrotzara. Ez du golik ezta porrotik jaso: Teruel (0-2), Neom Sports (0-2), Castello (0-2) eta Auxerre (0-2) menderatu ditu, eta berdindu egin du lortu ditu Johor (0-0) eta Al Qadisiya (0-0) taldeekin. Mugitu egin da merkatuan, eta jokalari hauexek gehitu ditu taldera: Arriaga, Matturro, Moreno, Olasagasti, Koyalipou, Garcia, Toljan eta Sanchez, harrobiko Edgar Alcañizen igoerarekin batera.
Realaren aurkariari dagokionez, Valentziak askotariko emaitzak izan ditu denboraldiaurrean: 1-2 galdu zuen Castelloren aurka, golik gabe berdindu Leganesekin (0-0), Olympique Marseillarekin 1-1 berdindu zuen, Borussia Mönchengladbachen aurka 2-0 galdu zuen, eta Torinori 3-0 irabazi zion. Carlos Corberanek zuzentzen deun taldea jokalari hauekin indartu da: Ugrinic, Copete, Santamaria, Agirrezabala (utzita), Raba eta Danjuma. Bestalde, honako futbolariek utzi dute taldea: Mamardashvili, Domenech, Mosquera eta Barrenechea, besteak beste.
Egun bat beranduago, abuztuaren 17an, igandean, Athleticek Sevilla hartuko du San Mamesen (19:30ean). Andaluziako taldeak partida bakarra irabazi du denboraldiaurrean (2-4 Schalke 04ren aurka), berdindu egin du Sunderlandekin (1-1), Olympique Marseillarekin (1-1), Al Qadisiyarekin (2-2 eta penaltietan garaipena) eta Toulousekin (1-1). Horiez gain, 1-3 galdu zuen Birminghamen aurka. Sevillak Alfon eta Suazo fitxatu ditu; gainera, utzita egon diren Iheanacho, Jordan, Januzaj eta Mir itzuli egin dira, Taldetik irten direnen artean daude: Suso, Lokonga eta Saul.
Azkenik, Osasunak Real Madrilen kontra jokatuko du abuztuaren 19an, asteartean, Bernabeun (21:00etan). Talde merengeak Kluben Munduko Txapelketa jokatu zuen, finalerdietara iritsi zen, eta, ondorioz, ezohiko denboraldiaurrea egin du; Valdebebasen Leganesen aurka jokatu, eta 4-1 irabazi zuen. Abuztuaren 12an Tirol izango du aurkari. Xabi Alonsok zuzentzen duen taldeak Alexander-Arnold, Huijsen, Mastantuono eta Carreras fitxatu ditu. Gainera, Gonzalo bigarren taldeko jokalaria izatetik lehen taldekoa izatera pasa da. Aitzitik, Modricek, Lucas Vazquezek eta Vallejok Real Madrileko futbolariak izateari utzi diete.

