Itxi

Futbola

Superkopa 2025

PSG, Europako Superkopako txapeldun

EITB Media

Paris Saint-Germainek 2025-2026 denboraldiko lehen titulu ofiziala irabazi du, finalean Tottenham menderatuta. Partida berdinduta amaitu da (2-2), eta penalti jaurtiketetan nagusitu da Frantziako taldea (4-3).

  • PSG

    PSGko jokalari eta teknikariak Europako Superkopako garaikurrarekin. Argazkia: EFE

PSG Europako Superkopako txapelduna da. Parisko taldeak Tottenham menderatu du finalean, penaltietan nagusituta. Partida bina berdinduta (2-2) amaitu da, eta 11 metroetatik egindako jaurtiketetan Paris Saint-Germain gailendu da (4-3).

Hala, bada, PSGk 2025-2026 denboraldiko lehen titulu ofiziala irabazi du; hori bai, Txapeldunen Ligako txapeldunak gogotik sufritu behar izan du garaipena bereganatzeko, Europa Ligako irabazleak bi goleko errenta izan baitu. Neurketako azken hamar minutuetan lortu du PSGk norgehiagoka berdintzea eta penaltiak behartzea.

Van de Venek sartu du partidako lehen gola (0-1), 39. minutua. Atsedenaldiaren ostean, Romerok Tottenhamen aldeko 0-2koa jarri du markagailuan. Bi golak jasota, PSGri kosta egin zaio erreakzionatzea. Luis Enrique Martinezek zuzentzen zuen taldea ez da gai izan abagune argiak sortzeko, azken txanpara arte. Tottenhamek kontrolpean izan du neurketa, baina itxurazko arrazoirik gabe, aurkariaren setiorik gabe, Londreseko taldea atzean sartu da. Horretaz baliatu da PSG, eta 85. minutuan aldeak murriztu ditu Kang-in Leeren golarekin (1-2). Gol horrek hauspotu egin du Frantziako taldea, eta luzapenean Gonçalo Ramosek lehia berdindu du (2-2, 94. minutuan).

Gauzak horrela, 2-2ko emaitzarekin, penaltietan erabaki behar izan da garailea. 11 metroetatik, Solankek sartu egin du Tottenhamen lehen jaurtiketa (0-1), eta Vitinhak kanpora bota du PSGrena. Ondoren, Bentancurren (0-2) eta Ramosen (1-2) golak iritsi dira. Jarraian, Chevalier atezainak gelditu egin du Van de Venen jaurtiketa, eta Dembelek lehia berdindu du (2-2). Gero, Telek (Tottenham) kanpora bota du jaurtiketa, eta Kang-in Leek aurretik jarri du PSG (3-2). Pedro Porrok esperantza eman dio Tottenhami (3-3), baina Nuno Mendesek azken penaltia sartu du (4-3), eta titulua Paris Saint-Germainentzat izan da.

Fitxa teknikoa:

PSG: Chevalier; Hakimi, Marquinhos, Pacho, Nuno Mendes; Vitinha, Zaïre-Emery (Kang-in Lee, 68. min), Doue (Gonçalo Ramos, 77. min); Barcola (Mbaye, 67. min), Kvaratskhelia (Fabian Ruiz, 60. min) eta Dembele.

Tottenham: Vicario; Porro, Romero, Danso, Van de Ven; Palinha (Gray, 72. min), Bentancur, Sarr (Bergvall, 90. min); Spence, Kudus (Tel, 79. min) eta Richarlison (Solanke, 72. min).

Golak: 0-1, 39. min: Van de Ven. 0-2, 48. min: Romero. 1-2, 85. min: Kang-in Lee. 2-2, 94. min: Gonçalo Ramos.

Penaltiak: 0-1: Solanke, gola. 0-1: Vitinha, kale. 0-2: Bentancur, gola. 1-2: Gonçalo Ramos, gola. 1-2: Van de Ven, kale. 2-2: Dembele, gola. 2-2: Tel, kale. 3-2: Kang-in Lee, gola. 3-3: Porro, gola. 4-3: Nuno Mendes, gola.

Epailea: João Pinheiro (POR). Txartel horiak atera dizkie Barcola (56. min), Pacho (58. min) eta Dembele (90. min) PSGko jokalariei, baita Richarlison (53. min) eta Danso (62. min) Tottenhameko futbolariei ere.

Estadioa: Friuli (Udine, Italia).